Irungo Ogasuneko (Gipuzkoa) ustezko iruzurraren inguruko epaiketak jarraipena du gaur Donostiako Lurralde Auzitegian, auzitegiko presidente Iñaki Subijana buru duen epaimahaiak Jose Maria Bravo Irungo bulegoko zuzendari ohiaren defentsak epaiketa bertan behera uzteko eskaria baztertu ondoren. Prozesuan hainbat prozedura akats izan direla argudiatu zuen defentsak.
10:00etan hasi eta 15:10ean amaitu da saioa. Bravok adierazi du ez dituela "inondik ere" onartzen egozten zaizkion delituak; besteak beste, funts publikoak bidegabeki erabiltzea, dokumentuak faltsutzea eta dirua zuritzea leporatzen diote, baita beste bi auzipetuei ere: Rosa Cobos haren emazteari eta Javier Atristain Bravoren kideari.
Gipuzkoako Ogasunari 8 milioi euroko iruzurra egitea leporatzen diote Bravori, eta gaur deklaratu duenez, diru kopuru hori foru ogasuneko kutxetan dago. "Posible da ongi begiratu ez izatea", esan du.
Ikerketaren arabera, ia bi milioi euro bideratu zituen bere poltsikora, eta Cobos eta Atristainen laguntzarekin zuritu zuen diru hori.
Akusazioak —Gipuzkoako Foru Aldundiak eta Batzar Nagusiek— eta Fiskaltzak 30 eta 24 urteko espetxe zigorra eskatzen dute Bravorentzat. Hasieran, Fiskaltzak eta Bravok akordioa lortu zuten bederatzi urteko espetxe zigorra onartzeko, baina Gipuzkoako erakundeek ez zuten onartu hori, eta jarritako salaketari eustea erabaki zuten.