Konponbideari begira

Brisson: "Demokraziaren garaipena da hau"

Eragile sozial nahiz politikoek ontzat eman dute ETAk emandako urratsa, baina gogoraraziz biharko komunikatua dela ibilbideari amaiera emango diona.

Frederique Espagnac eta Max Brisson parlamentariak, Jean Rene Etxegarai Euskal Elkargoko presidentea eta Jean Noel Etxeberri Bakegilea. BOB EDME
arantxa elizegi egilegor
2018ko maiatzaren 2a
06:52
Entzun

"Albiste ona da bakearen bidea jarraitu nahi dutenentzat. Baina hau komunikabide batek zabaldutako gutuna da. ETAren azken komunikatua irakurtzean egingo dugu etorriko da hausnarketa", adierazi du Txetx Etxeberri bake artisauak.

Demokraziaren garaipentzat jo du Max Brisson senatariak ETAren erabakia, eta biktimak ekarri ditu gogora: "Demokraziak ezin du indarkeriarik onartu, eta soilik ideien eztabaida eman behar du ontzat. Orain adiskidetzea lortu behar dugu, eta horretarako oinarrizkoa da biktima guztiak aitortzea".

ETAren amaiera "bakeranzko urrats historikoa" dela nabarmendu du bere aldetik Frederique Espagnac senatariak bere Twitterreko kontuan zabaldutako mezuan.

Aldiz, oso bestelakoa izan da Espainiako Barne ministro Juan Ignacio Zoidoren erreakzioa. Hark ohartarazi du Madrilek orain arteko jarrerari eutsiko diola eta "terroristak" jazarriko dituztela: "ETAko kideek ez zuten ezer lortu hiltzeari utzi ziotenean, eta ez dute ezer lortuko eurek desegite deitu duten honen trukean ere".

Eusko Jaurlaritzak eta Nafarroako Gobernuak nahiago izan dute ETAren komunikatuak zer dioen itxaron, eta bien bitartean ohartarazi dute taldeak erantzun baikorra jaso nahi badu, adierazpenak "alde bakarrekoa, eraginkorra eta behin betikoa" izan beharko duela. Bien bitartean Iñigo Urkullu eta Uxue Barkosen exekutiboak elkarlanean ari dira ETAren erabakiari buruz hausnartzen. Dena den, onartu dute dagoeneko jasoa dutela ETAren gutuna.

Covite ETAren biktima elkarteak salatu du Espainiako Gobernuak "ETAren porrotaren argazkia lapurtu" diola gizarteari. Consuelo Ordoñez elkarteko presidenteak adierazi du ETA menperatua izan balitz ez litzatekeela bere amaieraren protagonista izango eta ez lukeela nazioarteko babesik jasoko.

Europako Parlamentura eraman dute gaia

Sinn Feineko eurodiputatu Martina Andersonek Europaren bihotzeraino eraman du gatazka, eta bake prozesua bultza dezala eskatu dio Europako Parlamentuari. Andersonek iragarri du laster aurrerapausoak egingo direla prozesuan eta eskatu die Parlamentuari eta Europako Batzordeari balitu dezatela aukera "bakea eta berradiskidetzea bermatzeko".

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.