Sanferminak

Bronce peñako lehen bazkideak botako du sanferminetako txupinazoa

9.000 lagunek baino gehiagok eman dute botoa, eta botoen %40 lortu ditu.

Jesus Ilundain Zaragueta 'Tulik' botako du txupinazoa. IDOIA ZABALETA / ARGAZKI PRESS
Iker Tubia.
2016ko ekainaren 17a
21:36
Entzun

Lehenbiziko aldia da iruindarrek txupinazoa nork botako duen erabaki dutela, eta ohorea Jesus Ilundain Zaraguetari dagokio. "Harro egoteko moduan gaude, gaur egun ezagutzen ditugun sanferminak diseinatu zituen belaunaldiko parte baita Tuli", esan du Joseba Asiron Iruñeko alkateak. Orotara 9.830 iruindarrek eman dute botoa, eta haietatik 3.960 Tulirendako izan dira. Parte hartzearekin kontent azaldu da Asiron: "Horrelako prozesuetan izaten den parte hartze kopuruaren marka hautsi da". Adibidez, afixa aukeratzeko prozesuan 6.078 boto jaso zituen udalak.

Tuli kontent azaldu da prentsa aurreko agerraldian: "Pentsaezina da, baina ilusio handia dut. 85 urte daramat honekin amesten, eta ailegatu da", esan du. Bronce peñako lehenbiziko bazkidea da bera, eta 85 urte baditu ere, peñako jardueretan aktiboki parte hartzen du. Dirudienez, hura hasi zen entzierroaren aurretik San Ferminen omenez egiten den kantua abesten. Erraldoien konpartsak eta Zabalguneko ostalariek proposatu zuten haren hautagaitza, eta hori izan da botoa eman duten lagunen gustukoena. Paris 365, Peñen Federazioa, Oberena dantza taldea, Hipotekak Kalte Egindakoen Plataforma eta Sanferminak Berdintasunean taldea ziren beste hautagaiak.

Txupinazoa herritarrek botatzea hainbat eragileren eskakizuna izan da urte luzez, eta aurten horrela egitea erabaki du Joseba Asiron alkateak. Bera baita txupineroa aukeratzeko eskumena duena. Hala, txupinazoa herritarren eskuetara itzuli da. Frankisten altxamenduaren aurretik Juan Etxeparek botatzen zuen txupinazoa, Gazteluko plazan. Fusilatu egin zuten.

Orain arte zinegotziek bota dute suziria, urte bakoitzean batek, hauteskundeetan jasotako boto kopuruari jarraiki. Salbuespen batekin: ezker abertzaleari tokatzen zitzaionean UPNk beste norbaiti ematen zion aukera. Hala, Osasunak, San Antoniok, Gurutze Gorriak eta erraldoien konpartsak bota zuten urte horietan.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.