EAJko europarlamentari Izaskun Bilbaori erantzunez gogorarazi du hori Vera Jourova komisarioak. Izan ere, EAJk Europako Batzordera jo zuen, zigorrak batzearen derrigorrezkotasuna "desaktibatzeko" asmoz PPk Espainiako Senatuan aurkeztutako zuzenketa baten harira. Bilbaok ohartarazi zuen Espainiak eginiko egokitzapenak ahalbidetu egiten zuela beste estatu batean betetako zigorra aintzat ez hartzea.
Jourovak Bilbaori erantzun dio ez duela Espainiaren partetik erantzunik jaso 2008ko zuzentaraua estatuko legerian txertatzeko moduaren inguruan, eta jakinarazi du abenduaren 15ean gutun bat igorri ziola Espainiako Gobernuari, ohartaraziz beranduenera martxoaren 15erako igorri behar duela informazio hori.
Jourovaren erantzunaren berri izan ostean, Bilbaok Espainiako Auzitegi Gorenaren jarrera salatu du, iritzita "logika juridiko ororen kontra, Europako erakundeei galdetu gabe, legezko agindu bat ez betetzea" erabaki duela.
Auzi liskartsua
Eztabaida handia izan da Europako zuzentaraua Espainiako legerian txertatzeko eraren inguruan; 50 euskal preso ingururi eragiten die Espainiak aintzat hartu behar ote duen presoek Frantzian beteriko espetxealdia. Europako zuzentarauaren irizpideari jarraituz, Auzitegi Nazionalak zigorra murriztu zien Alberto Plazaola, Santi Arrospide, Rafa Caride eta Pakito Mujikari, baina kontrako erabakia hartu zuen egun berean auzitegi bereko beste areto batek.
Hori horrela, irizpideak bateratu eta bakarra finkatu zuen Espainiako Auzitegi Gorenak: Kepa Pikabea euskal presoak Frantzian betetako espetxealdia ez kontuan hartzea erabaki zuen. Zatiketa eragin zuen horrek auzitegian, eta Gorena Parot doktrinaren "akatsa" errepikatzen ari dela ohartarazi zuten bertako sei epailek.