Ingurumena

Bruselak jomugan jarri ditu erabilera bakarreko plastikozko produktu batzuk

Erabilera bakarreko basoak, platerak, mahai-tresnak, kotoi-zotzak eta globoei eusteko makilak mugatu nahi ditu Europako Batzordeak.

Frans Timmermans komisarioa –ezkerrean– gaurko agerraldian. STEPHANIE LECOCQ, EFE
2018ko maiatzaren 28a
07:16
Entzun

Gaur azaldu ditu Europako Batzordeak erabilera bakarreko plastikoei aurre egiteko esku artean dituen zenbait proposamen. Horien artean, erabilera bakarreko plastikozko produktu batzuk —besteak beste, basoak eta platerak— merkatutik desagertzen joateko neurriak iragarri ditu Europako Batasuneko exekutiboak. Hain zuzen ere, hondartzetan gehientsuen aurkitzen diren materialak berehala desagerrarazi nahi ditu Bruselak. Frans Timmermans Europako Batasuneko lehen presidenteordeak azaldu duenez, Bruselaren asmoa ez da produktu horiek desagerraraztea, baizik eta produktu "iraunkorrago" batzuen ekoizpena eta erabilera bultzatzea.

"Produktu horiek ez dira desagertuko, baizik eta beste material batzuekin ordezkatuko dira. Piknik egin ahal izango da, belarriak garbitu eta edari bat edan, lehen bezala", adierazi du. Bruselak gogoratu du material horiek direla Europako kostaldeen inguruan aurkitzen diren itsasoko zaborraren %70a.

Europako Batzordearen asmoa da proposamen hauei lege izaera ematea heldu den urteko maiatzeko hauteskundeen aurretik. Horretarako, baina, Europako Parlamentuaren eta estatuen oniritzia beharko du. Horrez gain, Bruselak behartu nahi ditu estatu kideak 2025 urtearen aurretik erabilera bakarreko plastikozko botilen %90a berreskuratzea, zaborretan buka ez dezaten.

Arrantza tresneria egiten duten enpresek ere sortzen dituzten hondakinen bilketan esku hartzeko neurriak bultzatu nahi ditu Bruselak, Europako Batasuneko hondartzen inguruan jasotzen diren hondakinen %27 jatorri horretakoak baitira.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.