Jakinekoa da Europako Batasunak klima larrialdiari aurre egin nahi badio berritu eta handitu egin behar dituela emisioak murrizteko helburuak. Bere Itun Berdearen ildotik, Europako Batzordeak erabaki du zenbateko murrizketa nahi duen 2030erako: urte horretarako, batasuneko berotegi gasen emisioak 1990. urtekoak baino %55 txikiagoak izan behar dute.
Gaur zabaldu den filtrazio baten arabera, Europako Batzordeko presidente Ursula von der Leyenek helburu berri hori defendatuko du asteazkenean Europako Parlamentuan; hots, orain arteko %40ko murrizketa helburua gainditu, eta 2030erako emisioen murrizketa %55ekoa izatea, baita iturri berriztagarriek energia beharren zati handiagoa betetzea ere.
Presioa bi aldeetatik
Ez zegoen argi Bruselak zenbateraino aldatuko zuen murrizketa helburua, %50era edo %55ra. Europako Batzordeak alde batetik Europa ekialdeko herrialdeen presio dauka. Poloniak, Hungariak eta ekialdeko herrialdeek besteek baino menpekotasun handiagoa dute karbono isuri handiko energia iturriekin eta ekoizpenekin. Ondorioz, zailagoa eta gogorragoa dute helburuak betetzea. Horregatik, aurretik ere eskatu dituzte konpentsazioak eta laguntzak Itun Berdearen harira.
Beste aldetik helburu handinahiagoak posible eta beharrezko direla uste dutenen presioa ere badauka Europako Batzordeak. Joan den astean, esaterako, Europako Parlamentuko Ingurumen Batzordeak bere jarrera bozkatu zuen, eta 2030erako emisio murrizketak %60 txikiagoak izan behar direla hobetsi zuen, kontrako 37 botorekin eta aldeko 40rekin.