politika

Bruselako Adierazpenaren sinatzaileek erantzun bat emango diote ETAri

Brian Currinek jakinarazi du erakunde armatuaren azkeneko agiriari buruz "koltsulta prozesu intentsoa" egingo dutela, eta ekarpenak jaso ondoren erantzuna publiko egingo dutela. Erakunde armatua prest azaldu da "konponbide demokratikoak behar dituen urratsak" Bruselako Adierazpeneko sinatzaileekin aztertzeko, "ETAk hartu beharreko konpromisoak barne".

2010eko irailaren 23a
19:48
Entzun
Brian Currin Hegoafrikako abokatu eta nazioarteko gatazken bitartekariak gaur adierazi du "arretaz" irakurri duela ETAk Bruselako Adierazpenaren sinatzaileei egindako eskaintza, gaineratu du sinatzaile denei igorri diela erakunde armatuaren azken agiri hori, eta jakinarazi du ETAk erantzun bat jasoko duela euren aldetik.

"Bakearen aldeko nazioarteko liderren artean koltsulta prozesu intentsoa egin eta ekarpenak jaso ondoren, ETArentzako adierazpen erantzuna publiko egingo da", esan du gaur Currinek. "Une garrantzitsua da hau", haren arabera, eta "pazientzia, gogoeta eta inteligentzia" beharko direla uste du.

Hain justu, ETAk era positiboan erantzun zien joan den igandean Bruselako Adierazpena sinatu zuten nazioarteko izen handiko pertsonei. Erakunde armatua prest azaldu da "konponbide demokratikoak behar dituen urratsak" haiekin aztertzeko, "ETAk hartu beharreko konpromisoak barne". Irailaren 5ean, berriz, ETAk jakinarazi zuen "eraso ekintza armatuak" ez egitea erabaki zuela duela hilabete batzuk.

Aurtengo martxoaren 29an nazioarteko izen handiko 21 lagunek euskal auziari buruzko adierazpen bat ezagutarazi zuten. Sinatzaileen artean daude hiru gobernuburu ohi eta hiru Bake Nobel saridun, guztiak ere izen handiko 21 lagun. Haien artean daude Desmond Tutu, Frederik Willem de Klerk, Mary Robinson, John Hume, Albert Reynolds, Jonathan Powell, Betty Williams eta Nelson Mandela Fundazioa. Bruselako idatzi horretan, "datozen hilabeteetan, behin betiko, bide bakezale, demokratiko eta indarkeririk gabekoen alde egiteko konpromisoa" bete daitekeelako ustea agertu zuten. Halaber, konpromiso horrekin bat egiteko eskatu zioten ETAri, "su-eten iraunkor eta benetan egiaztatzeko moduko bat emanda". Bruselako Adierazpenaren sinatzaileen ustez, "su-eten horrek, [Espainiako] Gobernuak behar bezala erantzunez gero, bide emango luke beste ahalegin politiko eta demokratiko batzuk egiteko, desberdintasunak konpontzeko eta bake iraunkorrak lortzeko".
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.