Politika

Bruselako Adierazpenari "erantzun eraikitzailea" emateko eskatu die ezker abertzaleak ETAri zein Espainiako Gobernuari

Adierazpen horretan ETAri su-eten iraunkor eta egiaztatzeko modukoa eskatu zioten nazioartean izen handia duten 21 lagunek. Espainiako Gobernuari, berriz, neurri bereko erantzuna. Ezker abertzaleko berrehun bat kidek egin dute agerraldia Iruñean, eta bitarteko "politiko eta demokratiko hutsen" aldeko apostua berretsi dute. 'Zutik Euskal Herria' ebazpenarekin amaitu zen barne eztabaidaren ondoren, "bidea eta urratsak" zehaztu dituzte gaur.

2010eko apirilaren 24a
15:38
Entzun
"Bruselako Adierazpena sinatzen duten nazioarteko pertsonalitateek ETAri zein gobernu espainiarrari egindako eskaera publikoak erantzun eraikitzailea jaso behar duela uste du Ezker Abertzaleak". Hala agertu dute Karmele Aierbek euskaraz eta Txelui Morenok gazteleraz, gaur eguerdian ezker abertzaleko beste ia berrehun kiderekin batera Iruñeko Tres Reyes hotelean egin duten agerraldian.

Bruselako Adierazpena martxoaren 29an nazioartean izen handia duten 21 lagunek aurkeztu zuten, eta gatazka konpnobidean jartzeko ETAri su-eten iraunkor eta egiaztatzeko modukoa galdegin zioten; Espainiako Gobernuari, berriz, neurri bereko erantzuna eman dezala. Brian Currin nazioarteko bitartekari hegoafrikarrak gidatu zuen adierazpena, eta, besteak beste, Frederik Willem de Klerck, Albert Reynolds eta Mary Robinson gobernuburu edo presidente ohiek eta John Hume, Betty Williams eta Desmond Tutu Nobel saridunek sinatu zuten adierazpena.

Beraz, proposamen horri harrera ona egin dio ezker abertzaleak, etorkizunera begira giltzarria izan delakoan. Hain zuzen ere, horixe aurkeztu baitute gaur ezker abertzaleko kideek Iruñean: Zutik Euskal Herria ebazpenaren bidez barne eztabaida amaitu ostean, han definitutako "prozesu demokratikoa" aurrera eramateko "bidea eta urratsak".

Ildo horretatik, ezker abertzaleak berretsi du Anoetan proposatutako formula dela gatazkari konponbide "iraunkor eta justua" emateko bidea. Eredu horren arabera, elkarrizketak bi eremutan gauzatu beharko lirateke: batetik, negoziazio politikoa alderdi eta indar politikoen artean, eta, bestetik, Espainiako Estatuak eta ETAk osatu beharko luketena, desmilitarizazioa, presoez eta biktimez aritzeko.

Espainiako Estatuak zein ETAk Mitchell printzipioak bete behar



"Esperientziak" erakutsitakoan oinarrituta, xehetasun bat gehitu diote Anoetan proposatutakoari: Espainiako Estatuak zein ETAk Mitchell printzipioak bete behar dituztela. "Esperientziak hauxe erakutsi digu: desadostasunei erantzuteko eskemak (Estatuaren kasuan errepresioaren aktibazioarekin eta ETAren kasuan ekintza armatuekin berriro hastearekin) ez dela elkarrizketan blokeoak gainditzea lortu. Aitzitik, blokeo egoera are handiagoa eragin du, aldeak konponbidetik urrundu dira eta kolapso egoera indartu da. Eskema hori gainditu beharra dago eta norabide horretan, Mitchell Senatariaren printzipioak oztopoak eraginkorki gainditzeko erreferentzia marko bihurtzen dira".

Espainiako Estatuak eta ETAk eratu beharko lukete mahai bat desmilitarizazioaz, presoez eta biktimez aritzeko, baina "esperientziak" erakutsitakoan oinarrituta xehetasun bat gehitu diote Anoetan proposatutakoari: Espainiako Estatuak zein ETAk, biek, Mitchell printzipioak bete behar dituztela. Gainerakoan, ezker abertzaleak uste du esperientziak erakutsi duela Espainiako Gobernuaren errepresioak eta ETAren borroka armatuak behin eta berriz blokeatu egiten dutela egoera.

Funtsean, "bitarteko politiko eta demokratiko hutsen" aldeko apustua berretsi du ezker abertzaleak eta "herri aktibazioaren" garrantzia azpimarratu. Alde bakarrez erabakitako "prozesu demokratikoa" abian dela iritzi diote, eta prestutasuna agertu dute beste alderdi, indar politiko eta eragileekin elkarlanean aritzeko. Berrehun bat lagunek parte hartu dute agerraldian; besteak beste, han izan dira Koldo Gorostiaga eurodiputatu ohia, Ainhoa Etxaide LABeko idazkari nagusia, Jone Goirizelaia, Rufi Etxeberria eta Iñaki Angituedad. Arestian esan bezala, Karmele Aierbek eta Txelui Morenok irakurri dute agiria, eta ez dute galderarik onartu.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.