Brian Currin Hegoafrikako abokatu eta nazioarteko gatazken bitartekariak gaur adierazi du Bruselako Adierazpenaren sinatzaileen artean lana egiteko "zailtasun logistikoak" dituztela, munduko hainbat tokitan daudelako kideak, eta "lana azkarrago egiteko eta hau eraginkorragoa izateko" bost laguneko taldea sortzea erabaki dutela.
Currinen arabera, urrian jakinaraziko dituzte talde horren partaideak eta egitekoak. 'Nazioarteko kontaktua' izena jarri diote.
ETAri berriro eskatu diote su-eten iraunkorra, aldebakarrekoa eta egiaztagarria emateko.
ETAk berak era positiboan erantzun zien irailaren 19an Bruselako Adierazpena sinatu zuten nazioarteko izen handiko pertsonei. Erakunde armatua prest azaldu da "konponbide demokratikoak behar dituen urratsak" haiekin aztertzeko, "ETAk hartu beharreko konpromisoak barne". Irailaren 5ean, berriz, ETAk jakinarazi zuen "eraso ekintza armatuak" ez egitea erabaki zuela duela hilabete batzuk.
Aurtengo martxoaren 29an nazioarteko izen handiko 21 lagunek euskal auziari buruzko adierazpen bat ezagutarazi zuten. Sinatzaileen artean daude hiru gobernuburu ohi eta hiru Bake Nobel saridun, guztiak ere izen handiko 21 lagun. Haien artean daude Desmond Tutu, Frederik Willem de Klerk, Mary Robinson, John Hume, Albert Reynolds, Jonathan Powell, Betty Williams eta Nelson Mandela Fundazioa. Bruselako idatzi horretan, "datozen hilabeteetan, behin betiko, bide bakezale, demokratiko eta indarkeririk gabekoen alde egiteko konpromisoa" bete daitekeelako ustea agertu zuten. Halaber, konpromiso horrekin bat egiteko eskatu zioten ETAri, "su-eten iraunkor eta benetan egiaztatzeko moduko bat emanda". Bruselako Adierazpenaren sinatzaileen ustez, "su-eten horrek, [Espainiako] Gobernuak behar bezala erantzunez gero, bide emango luke beste ahalegin politiko eta demokratiko batzuk egiteko, desberdintasunak konpontzeko eta bake iraunkorrak lortzeko".
politika
Bruselako Adierazpeneko kideek bost laguneko taldea sortu dute lanak azkartzeko
Brian Currinek esan du urrian jakinaraziko dituztela talde horren kideen izenak eta egitekoak. Helburua, "lana azkarrago egitea eta hau eraginkorragoa izatea" da. ETAri berriro eskatu diote su-eten iraunkorra, aldebakarrekoa eta egiaztagarria emateko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu