Euskal Presoak

Bruselan 197/2006 doktrinaren inguruko harreman erronda egingo duen ordezkaritza aurkeztu du Herrira-k

Estrasburgok martxoaren 20an aztertuko du 197/2006 doktrinaren aurkako epaiaren kontra Espainiak jarritako helegitea. Horren harira, datorren astean Bruselara joango den ordezkaritza aurkeztu du Herrira mugimenduak.

2013ko otsailaren 28a
17:18
Entzun

Auzitegiak hartzen duen azken erabakiak, Ines del Riori eragiteaz gain, euren zigorra bete eta kartzelan jarraitzen duten 72 preso politikori ere eragingo die. "197/2006 doktrina indargabetzeak giza eskubideen errespetua ahalbidetuko luke", adierazi dute Beñat Zarrabeitia Herrira-ko kideak eta Irune Agirre abokatuak. Euskal presoei aplikatzen zaizkien salbuespen neurriak amaitzeak "konponbide prozesuari bultzada" emango liokeela eta "bakera hurbiltzeko urratsa" izango litzatekeela nabarmendu dute.

Bruselara euskal gizartearen «herri agindua» eramango duen delegazioa aurkeztu du Herrira mugimenduak; hauexek osatuko dute: Beñat Zarrabeitia eta Emilie Martin Herrira-ko kideek; Irune Agirre abokatuak eta Jone Artolak —28 urte daramatza espetxean, eta 2006tik 197/2006 doktrina aplikatua duen Joseba Artola presoaren arreba da—. Herri aginduak hiru ardatz dituela azpimarratu dute: giza eskubideak, irtenbidea eta bakea. Martxoaren 4tik 8ra bitartean, dozenaka bilkura egingo dituzte Europako Parlamentuan zein beste instituzio batzuetan. Jadanik hamahiru estatutako 25 europarlamentarirekin bilerak egingo dituztela aurreratu dute.

Martxoaren 16an, 12:00etan, Tafallan (Nafarroa) manifestazioa izango dela gogorarazi dute, Ines del Rioren herrian. Martxoaren 20an, berriz, mobilizazioak izango dira 197/2006 doktrina aplikatua duten euskal preso politikoen jatorrizko hiri zein herrietan.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.