Martxoaren 4tik 8ra bitartean Bruselan egindako harreman dinamika "oso positiboa" izan da Herrira mugimenduaren arabera. Hainbat europarlamentarirekin izandako bileretara mezu bat eraman dute: "Bakeak aukera bat merezi du Euskal Herrian, eta bake prozesuan sakontzeko urrats positiboak ematearen beharra ezinbestekoa da".
Horretan, garrantzitsutzat jo dute euskal presoei aplikatzen zaizkien salbuespeneko neurriekin amaitzea. Martxoaren 20an, hain justu, Europako Giza Eskubideen Auzitegiak Ines del Rioren auzia aztertuko du.
Bilbon egin du Herrira-k gaur agerraldia; han izan dira Beñat Zarrabeitia Herrira-ko kidea eta Jone Artola Etxerateko kidea. "Bidaiak arrasto positiboa utzi du, bai kualitatiboki bai kuantitatiboki ere", nabarmendu dute. Guztira 14 herrialdetako 35 europarlamentarirekin bildu dira.
Europarlamentariekin biltzearekin batera, Bruselara joandako ordezkaritza Flandriako parlamentuko hainbat ordezkarirekin izan da, eta giza eskubideen alorrean lanean ari diren gobernuz kanpoko erakundeekin ere batzartu da.