Etxerat elkartearen ordezkaritza bat Europako Parlamentuan izango da martxoaren 3an eta 4an. Han, Europako eragile eta alderdiekin harreman erronda bat egingo du, "euskal preso politikoek eta haien senideek sistematikoki pairatzen duten giza eskubideen urraketaren berri emateko". Gaur arratsaldeko lehen orduan atera dira Loiuko aireportutik Madrilera, eta handik, Bruselara.
Maider Alustizak ez du xehetasun askorik eman nahi izan, baina iragarri du harremanak egin nahi dituztela aurrerago jarraipena izan dezaen. Etxerat-eko kideek otsailaren 22an iragarri zuten bihar eta etzi egingo dituztela bilerak, eta europarlamentariekin batzartuko direla. Sakabanaketaren berri emateaz gain, horren ondorioz hildako senideen aitortza ere eskatu nahi dira; hamasei dira hildako senideak.
Horrez gain, hitzaldi batean parte hartuko dute.
Espainiako Gobernuaren espetxe politika salatuko du Etxerat-ek Bruselan. Otsaileko agerraldian, Madrili egotzi zioten legeari "iruzur" egitea, presoei "konponbide gabeko kaltea" eragiteko. Halaber, ohartarazi zuten Euskal Herriak "urteak" daramatzala "salbuespen legeen" pean.
Gaur agerraldia izan da aurrenekoak iragan astean Iñigo Urkullu Eusko Jaurlaritzako lehendakariarekin batzartu zirenetik. Bilera historikoa izan zen hura, lehen aldiz hartu zituelako Jaurlaritzako lehendakariak presoen senideak Ajuria Enean. Hala ere, Alustizak azaldu du 25 urte daramatela presoen eskubideen urraketa salatzen, eta Urkullurekin egindakoa beste bat baino ez dela.
Lehendakariarekin egindako bileraren irteeran, Etxerat-ek nabarmendu zuen "adosguneak" topatu zitutzela, eta Jaurlaritzak, berriz, bilera "adeitsua eta erakitzailea" izan zela.