Soslaia. Matteo Renzi: Zentro-ezkerraren haur miraria

Ion Orzaiz.
2014ko otsailaren 13a
18:39
Entzun

Suziri baten gisakoa izan da, orain arte, Matteo Renziren ibilbidea. Italiako ordezkari politikorik gazteenetako bat da (1975ean jaio zen), eta urte gutxitan PD Alderdi Demokrataren gehiengoa erakartzea lortu du, bere irudi mediatikoari eta ezkerreko tesietatik aldendutako diskurtsoari esker.

Unibertsitatean zuzenbide ikasle zela, lehen urratsak egin zituen Renzik politikan. PPI Italiako Alderdi Popularrean eman zuen izena, eta handik gutxira, 1999an, Florentzia probintziarako idazkari izendatu zuten. Hamar urteren buruan, bozak irabazita, Florentziako alkate kargua hartu zuen; ordurako, alta, ez zegoen jada PPIn, Alderdi Demokratan baizik. PDko zenbait ordezkarik ezkerreko printzipioetatik urruntzea —liberalismo ekonomikoaren alde dago— eta Silvio Berlusconiren laguna izatea leporatu diote. Il Cavalierek berak esan duenez, Renzik «Forza Italiaren ideiak defendatzen ditu, PDren ikurrarekin». Hala ere, alderdiko idazkari nagusi izendatu zuten 2013ko abenduan.

Politikaren egiturak berritzeko asmoa agertu du. Berlusconirekin batera, Italicum legea aurkeztu zuen «gobernabidea» eta alderdi bitasuna bermatzeko. Legearen zati bat atzera bota zuen Konstituzionalak, eta parlamentuan ari dira eztabaidatzen berriz.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.