Historia egin zuen Patxi Lopezek 2009an: Eusko Jaurlaritzako lehen lehendakari sozialista izan zen —betiere Franco hil ondoren 1978ra arte Euskal Kontseiluaren lehendakari izan zen Ramon Rubial kontuan hartu gabe—. Beti jeltzaleren bat izan zen lehendakari. 2009tik 2012ra, PSEko kide bat, PSEko idazkari nagusia: Lopez (Portugalete, 1959).
Aspalditik Bilbon bizi bada ere, portugaletetar petotzat dauka bere burua hark. Izan ere, Portugaletek haren bizitza pertsonala eta politikoa markatu ditu, ez soilik bertako kale eta bazterretan iragan dituelako haurtzaroa eta gaztaroa, baita urte haietan beste edozein herritan ez zegoen giroa zegoelako ere. Zerbaitegatik deitzen zioten frankismoaren urte ilunetan Mosku Txikia. Lopezek oroimenean iltzatuta dauka nola Labe Garaietako, Babcockeko eta Navaleko langileak atseden orduetan euren iritziak elkarren artean trukatzen zituzten. Naturaltasun osoz baina boterearen bizkar mamitutako giro hark pixkana kontzientzia politikoa sortu ziola aitortu izan du.
Dena den, batez ere etxean zuen giro politikoa. Gurasoak ezkerraldekoak zituen: ama Portugaletekoa, aita Sestaokoa —Eduardo Lopez Albizu Lalo, Bizkaiko buruzagi sozialista historikoa—. Zazpi urte zituenean, jaunartzea egiteko garaia iritsi zenean, jabetu zen lehen aldiz inguruko sendiekin alderatuta bereak bazuela berezitasun bat; ezin izan zuen lehen jaunartzea egin, aita eta ama kanpoan, Espainian zituelako: ama Caceresen (Extremadura), eta aita Almerian (Andaluzia).
Geroago, ondo gogoan ditu guardia zibilak etxera miaketak egitera etortzen zireneko gauak. Maiz, poliziek etxea miatzen ziharduten bitartean, lo plantak egin behar zituen izara artean aitaren paperak ezkutuan zituen bitartean. Beste behin, polizia frankistek espetxeratu zuten aitaren semeak "zergatik" galdetu zuen etxean, eta amak erantzun zion lasai egoteko, ez zutela eraman lapurra izateagatik, "politika egiteagatik baizik": "Orduan jabetzen hasi nintzen Espainia hartan ideia batzuk edukitzeagatik kartzelara joan zintezkeela".
Garai hartan ikusi zituen lehen aldiz Felipe Gonzalez eta Alfonso Guerra PSOEko buruzagiak. Bilbora joaten ziren maiz bi abokatu haiek, klandestinitatean politika egiten ziharduten ezkerraldeko kide sozialistak Ordena Publikoko Auzitegi aurrean defenditzera. Maiz geratzen ziren afaltzera edo bazkaltzera, eta Patxi Lopezek ondo gogoan du zer plater onak prestatzen zizkien amak.
Franco hil eta berehala, 16 urte eskasekin, GS Gazteria Sozialistan izena eman zuen. Ikasketak amaituta, soldaduska eginda, 1985ean GSren idazkari nagusi izendatu zuten, eta, horregatik, 1986ko Espainiako hauteskunde orokorretan Bizkaiko zerrendatan sartu zuten. Orduan UGT PSOEtik urrundu egin zen, eta sindikatuko ordezkari gorenak —Nicolas Redondo aita eta Anton Sarazibar—, Bizkaiko zerrendatatik atera ziren. Hala, 26 urteak bete berri zituela, Lopez Madrilera igorri zuten diputatu gisa. Esperientzia hark markatu egin zuen. "Aberriko aitak han zeuden: Adolfo Suarez, Gonzalez, Guerra, Fraga...". Han ezagutu zuen Jose Luis Rodriguez Zapatero izeneko beste gazte bat.
1991n PSE-EEko Antolakuntza idazkari izendatu zutenetik goi ardurak izan ditu PSE-EEko zuzendaritzan, hala EAEkoan nola Bizkaikoan. Hala ere, hurrengo jauzi handia Nicolas Redondo semeak dimisioa eman ondotik egin zuen. 2002ko martxoan izendatu zuten idazkari nagusi, Kongresuan Carlos Totorika eta Rosa Diez beste hautagaiei irabazi ondoren. 2005eko hauteskundeetan aurkeztu zen lehen aldiz Jaurlaritzako lehendakarigai gisa. 2009an lortu zuen lehendakari izatea, bozetan Juan Jose Ibarretxe EAJren hautagaiak ia ehun mila botoko aldea atera zion arren. Inbestiduran PPk babestu egin zuen Lopez, ezker abertzalea legebiltzarretik at zegoen legez kanporatzeagatik, eta Lopez, lehendakari.
Lopezek esaten du 2009-2012 legealdian, eurak gobernuan egon zirenean, ETAk jarduera armatua betiko bukatu zuela, eta krisi ekonomikoa izan arren arlo sozialeko murrizketarik ez zutela egin. 2012ko urriko hauteskundeetan Iñigo Urkullu EAJren hautagaia nagusitu zen, eta hura izendatu zuten Jaurlaritzako lehendakari. PSEk hirugarren bukatu zuen, EH Bildu bigarrenaren ondoren, Lopez zela lehendakarigai.
Hamaika afizio gustuko dituen gizona da. Maite du musika, adibidez; hainbeste ezen instrumenturik jotzen jakin ez arren, etxean gordetzen ditu. Ikastekotan gitarra elektrikoa jotzen ikasi nahiko luke. Haurra zenetik, beste zaletasunetako bat zinema du. Haurtzaroan, aitonak Labe Garaietan ikusmena galdu zuen, eta Portugaleteko Mar zinemetako atezain jarri zen. Hori baliatuta, Lopezek arratsaldero ikusi ohi zituen filmak amonarekin azken lerroan. Bidaiatzea, argazkigintza, sukaldaritza, literatura... ditu gustuko baita ere. Hala ere, bere pasiorik handiena Begoña Gil emaztea duela dio beti Lopezek.
Jaurlaritzako lehendakari izan zeneko Gasteizko aldia bukatu ostean, Bilbon bizi da berriro bikotea. Lasai ederrean, Lopezek esaten duenez.