'18/98 auzia'

Bukatu da 18/98 epaiketa, 16 hilabeteren ondoren

52 auzipetuek 4 eta 16 urte arteko kartzela zigor eskaerak dituzte. Goizean haiek eta 18/98+ lan taldeko ordezkariak Iruinen hitzaldiaren ondoren txaloka hasi direlako saioa moztu du epaimahaiburuak. Arratsaldean auzipetuen azken hitzak izan dira.

2007ko martxoaren 14a
18:15
Entzun
2005eko azaroan hasi zen 18/98 epaiketa eta gaur arratsaldean bukatu da, auzipetuek azken hitza izan eta gero. 16 hilabete iraun du epaiketak. Auzipetu kopuru handia zela-eta (52, gaurko egunez), Madrilen Casa de Campon areto berezi bat egokitu behar izan zuten. Hasi zenetik 203 saio egin dituzte, 126 egunetan. Auzipetuek 53 joan-etorri egin behar izan dituzte Madrildik. Bukatu da. Epaiaren zain daude orain. 4 eta 16 urte arteko kartzela zigor eskaerak dituzte. Orain, Euskal Herrirako bidean dira.

Goizean bukatzea espero zuten baina ez hala gertatu. Izan ere, Angela Murillo 18/98 auziko epaimahaiburuak eten egin du saioa orduan, arratsaldera arte. Haserre zebilen. Lehendabizi, ez ditu jaso Euskal Herritik Madrilera joandako 18/98+ lan taldeko ordezkariek eman nahi zizkioten autoinkulpazioak. Gero, berriz, epaiketa eten egin du. Auzipetuak eta 18/98+ taldekoak Iñigo Iruin defentsako abokatuaren hitzaldiaren ondoren txaloka hasi direnean moztu du Murillok goizeko saioa.

Hain zuzen, Iruinek Jokin Gorostidi zenaren (auzipetuta zegoen epaiketa hasi zenean) hitzak gogoratu ditu bere azalpenean. Hil aurretik Gorostidik idatzitakoak ekarri ditu gogora: "1970. urtean Burgosko prozesuan 31/69 sumarioan bi heriotz zigor jaso nituen. 2005. urtean, berriz, 18/98 auzia. Atzo eta gaur Espainiako Estatuaren estrategiak bahitua. Euskal Herriak hitza eta erabakia behar ditu, eta hori lortu arte ez gaituzte isilduko. Utzi bakean Euskal Herria, atzo, gaur eta beti. Gora Euskal Herria askatuta!". Ondoren, Iruinek berak esan du epaiketan auzipetutakoak "eredu" izan direla "milaka euskal herritarren eskubideen defentsan". Txaloka hasi dira orduan auzipetuak beraiek eta 18/98+ lan taldeko ordezkariak. Ez zaio hori gustatu Murillori eta eten egin du epaiketa.

17:30ean ekin diote berriro, eta auzipetuek azken hitzak egin dituzte. 18:00etarako bukatua zegoen epaiketa.

15.000 autoinkulpazio

Gaur Madrilera joan diren 18/98+ lan taldeko ordezkariek ez dute lortu epaimahaiari autoinkulpazioak ematerik, baina esan dute epaileek nahi dutenerako eskura dituztela. Hain justu, 15.000 autoinkulpazio bildu dituzte.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.