Gazteak iazko urritik Madrilera joan-etorrian ibili ondoren, amaitu da epaiketa, Espainiako Auzitegi Nazionalean. Azken zortzi auzipeturen kontra dauden akusazioen zentzugabekeria argudiatuko dute, gainerakoen akusazioekin egin bezala, behin eta berriz ustezko frogak aletu, haien kontra ez dagoela ezer ganorazkorik ondorioztatzeko, Defentsaren ondorioak amaitu ostean, auzipetuei eman die hitza epaileak, eta hauxe esan diote haiek: "Gure alegatoa Euskal Herrian aurkeztu zuten ostiralean 40 lagunek, eta gure herriaren gehiengoak babestu du. Ez daukagu gehiago esateko". Eta horren ostean gelditu da epaiketa, epaiaren zain. Absoluzioa eskatzen du defentsak auzipetuentzat. Seina urteko kartzela zigorra fiskalak.
Auzipetuen abokatuak, akusazioek bakoitzaren aurka aurkeztutako frogei, banan-banan, balioa kenduz joan dira epaiketan, gaur ere bai. Salatu dituzte polizien hipotesiak, aldez aurretik ezarritako ondorioak eta torturapean lortutako inkulpazioak direla gazteen kontrako akusazio guztiak.
Fiskaltzaren argudio nagusia da Segik "instrumentalizatu" egiten zuela gazte mugimendua; izan Gazte Independentistak, izan gaztetxeak, gazte asanbladak, martxak, topaketak edo bestelako edozein ekitaldi. Auzipetuek horietakoren batean parte hartzen zutenean "Segiko desdoblatu" gisa zihardutela azpimarratu du.
Defentsaren esanetan, ordea, polizien hipotesia baino ez da hori, epaitzen ari diren auziko diligentzietatik kanpo dauden txostenetan oinarritua. Gainera, salatu dutenez, ez dago gazteak Segirekin lotzen dituen frogarik, eta eskatzen duten zigorra "desproportzionala eta konstituzioaren kontrakoa" da. Auzitegi Konstituzionalera jotzeko eskaera ere egin du horregatik.