GERTAKARIAK

Burgosen agertu da herenegun Getxon ustez bahitutako andrea

Oña herriko Guardia Zibilaren etxean deklaratu ostean, Olga Novo Villar Euskal Herrira itzuli da

Erredakzioa
BILBO
2004ko abuztuaren 13a
00:00
Entzun
Atzo goizeko zortziak bost gutxi aldera aurkitu zuten Olga Novo Villar, bezperan Getxotik (Bizkaia) desagertu zen emakumea, Burgosko Oña herriko inguruetako paraje batean (Espainia). Pejerto Blanco enpresaburuaren emaztea da Novo Villar eta, hainbat hedabideren arabera, pertsona batek enpresa gizonari deitu zion herenegun eguerdian, andrea bahituta zeukatela esan zion eta 150.000 euroko ordaina eskatu zion hura askatzearen truke. Atzo eguerdia arteko epea eman ei zioten Pejerto Blancori diru hori ordaintzeko.

Atzo goizean, 07:55 inguruan, Burgosko Oñako biztanle batek aurkitu zuen emakumea, Nissan markako eta Arabako matrikulako furgoneta baten bolantera eskuburdinez lotuta. Ez zuen osasun arazorik.

Emakumearen adierazpenak

Olga Novo Villar Guardia Zibilaren Oñako etxera eraman zuten, eta han hartu zioten deklarazioa. 14:25ean irten zen handik Bizkai aldera, Ertzaintzaren aurrean deklaratzera, kaleko jantzitako bi poliziak babestuta eta senarra bere bila joan ostean. Espainiako Gobernuaren Burgosko ordezkariorde Berta Triciok jakinarazi zuen Novo Villarren deklarazioaren mamia: herenegun goizean Getxon pasieran zebilela bi gizon hurreratu, guardia zibil gisa plaka eta guzti euren burua aurkeztu, bere aurkako salaketa bat jaso zutela esan eta beraiekin joateko eskatu omen zioten. Eskatutakoa bete, eta auto batera sartu omen zen emakumea bi gizon haiekin. Beste bi pertsona ei zeuden kotxe barruan agentzia batzuek auto beixa zela esan zuten atzo, eta grisa besteek.

Olga Novok deklaratu duenez, Getxon bahitu eta zuzenean Burgosko Oña herriko kanpoaldera eraman zuten. Hara eguerdi inguruan heldu eta bueltaka ibili omen ziren, beste bi pertsona 21:00ak aldera azaldu ziren arte. Etxebizitza batera eroango zutela esan omen zioten azken horiek, baina 23:00ak arte autoarekin bueltaka jarraitu eta atzo aurkitu zuten tokian utzi zuten, furgoneta zahar baten bolanteari lotuta. Bahitzaileetako bik Euskal Herriko doinuarekin hitz egiten omen zuten. «Emakumea laguntza eske ari zen», jakinarazi zuen Alejandro Llanok, Novo atzo goizean aurkitu zuenak. «Oso urduri zegoen. Gau osoa lotuta egon zela eta bahitzaileek tratu ona eman ziotela esan du». Begiak tapatuta mendian harantz eta honantz ibili zutela ere esan omen zion emakumeak.

«Ustezko» bahiketa

Espainiako Gobernuaren ordezkariorde Berta Triciok «ustezko bahiketa» izan zuen hizpide atzo Olga Novoren aurkikuntzaren eta deklarazioaren berri ematean. «Bahiketa gertatu den ala ez zehazteko dago», nabarmendu zuen. Ikertzaileek oraindik ez omen dakite zein izan den gertakariaren arrazoia, «eta ikerketa amaitu artean ezin izango da jakin asmo ekonomikoek eragin duten».

Guardia zibilen aurrean bakarrik deklaratu zuen Burgosen Olga Novok. Ertzaintza kexu agertu zen horregatik, haraino joan arren emakumearen deklarazioa entzuten eta «ezinbestekoak» diren beste diligentzia batzuetan parte hartzen ez ziotelako utzi. «Hasieratik, Ertzaintza da ikerketaren arduraduna», nabarmendu zuen prentsa ohar bidez erakunde horrek: «Kontu handiz erabiltzekoak eta ikerketarako oso garrantzitsuak diren datu batzuk presaka ezagutarazi dituzte Burgosen, kasuaren ardura duen aginte judizialari [Getxoko Instrukzio Epaitegia] eta Ertzaintzari berari helarazi baino lehenago».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.