«Burokraziak» lehen arretako lanean kalte egiten duela diote medikuek

Nafarroako familia medikuen elkarteak dio errezeta elektronikoak denbora aurreztuko duela

Osasunbideko langileen protesta bat, murrizketen aurka, 2010eko apirilean. LANDER F. ARROIABE / ARGAZKI PRESS.
Iruñea
2011ko apirilaren 12a
00:00
Entzun
«Lehen arretako zerbitzuan atzeratuta gelditu da Nafarroa». Santos Indurain SNaMFAP Nafarroako Familia Medikuntza eta LehenArretaren Elkarteko bozeramaileak lehen arretako zerbitzuak hobetzeko planaren atzerapena finantzaketa eta borondate politiko faltaren ondorio dela esan du. Lehen arretak osasun zerbitzuaren oinarria izan behar duela dio Indurainek. Aldiz, errezeta elektronikoa ez ezartzeak edota «medikuek egin behar dituzten burokrazia lanek» zerbitzuan kalteegiten dutela adierazi du. Gaur Lehen Arretaren Eguna ospatzen dute medikuek.

Zerbitzuak hobetzeko xedearekin Nafarroako Gobernuak plan bat egin zuen. Plana, ordea, «geldoegi» ezartzen ari direla salatu du Indurainek. «Profesionalek eta LehenArretako Zuzendaritzak plana aurrera eramatea nahi dute, baina finantzaketa eta borondate politikoa falta da».

Osasun Sailaren aurrekontuaren %16 lehen arretako zerbitzuetara joaten da Nafarroan, Indurainek azaldu duenez, «Europan zerbitzu horretara bideratzen den kopururik txikiena», eta OME Osasunerako Mundu Erakundeak aholkatzen duena baino gutxiago. «Finantzaketa faltak zerbitzuak arazo kronikoak izatea eragiten du». Maria Kutz Nafarroako Osasun kontseilariak ospitale eraikinak egiten dituela baina lehen mailako arreta zerbitzuak «ahazten» dituela agertu du, berriz, Felix Zabaltzak, Hamar Minutu plataformako kideak.

Errezeta elektronikoa ezartzea da Familia Medikuntza eta Lehen Arretako Elkartearen eta Hamar Minutu plataformaren xedeetako bat. Osasun arloko langileek diote errezeta elektronikoarekin dirua eta denbora aurreztuko dutela, eta denbora hori «behar dutenek» erabiliko dutela. «Errezeta mediku kontsultara joan gabe egiten bada, lekua utziko du beste gaixo batentzat». Gaur egun, medikuek egiten duten burokrazia lanak jardunaren %30 osatzen duela nabarmendu du Ivan Bergarak, SNaMFAPeko presidenteak.

Nafarroako Gobernuak onartutako planaren arabera, osasun etxeetan lan egiten duten administrazioko langileek hainbat lan espezialitatetan aritzeko formakuntza jasoko dute. Hortaz, gaixo batekin hitz egin ondoren, administratzaileak nora bidali jakin beharko luke; medikuarengana bidali, erizainarengana, gizarte langilearengana... Horrek eremedikuen lana erraztuko du. «Zuzenean gaixoak behar duen estamentura jotzen du, eta ez du medikuarenetik pasatu behar erizainaren laguntza behar badu». Administrazioko langileek, gainera, behin betikoak eta «mugiezinak» izan behar dutela esan du Bergarak. «Administrazioko langileak askotan aldatzen dituzte postuz. Eta hori saihestu behar da, zerbitzuaren erabiltzaileekin duten harremana berezia delako», adierazi du Carlos Urzainkik, lehen arretako administrazioko langileen ordezkariak.

Erizainek zerbitzuan egiten duten lana aitortzeko ere eskatzen dute profesionalek. Unibertsitateko gradua duten arren, etengabe ikastaroak egin behar dituztela adierazi dute. Zerbitzuak hobetzeko planean agertzen denez, norberak bere burua zaintzea erakutsi behar dute erizainek.

Plana Nafarroako hogei osasun etxetan dago martxan. Urte bukaerarako hamar gehiagotan ezarriko dela esan dute. Errezeta elektronikoa urte bukaera baino lehen erabiltzea espero dute.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.