Atzo metroa zena gaur ere hala da, baina bi geltokitan luzatu da ordea metro hori. Kotizazioei ere, luzatu zein laburtu, biak gerta dakizkie. Eta akzioa lehengo bera da, nahiz euroko 100 cent edo gehiago edo gutxiagoan salerosi. AEBetako kontsumitzaileen urtarrileko konfiantza datua jakinarazi zen atzo eta indizeak ehundik gora cent aitortu zizkien euroei, petrolio merkeak munduko kontsumitzaile handienak piztu dituela jakitean. Bi banku handien poza nabarmena izan zen (besteak beste AEBetako negozioengatik, baina Goldmanek BBVAren (+%1,06) gaineko gomendioa hobetu duelako ere bai); NH Hoteles (+%1,55) eta Metrovacesaz (+%2,34) gain, eraikuntza enpresak nagusitu ziren baina: Acciona eta, batez ere, azken aldiko txerritxoetan solomotsuena, Sacyr (+%11,77). Pinaultek (ikus eskuineko oharra) beste inork baino cent gehiago ikusi ditu Vinciren (+%6,39) euroetan. Eta horrek bor bor batean jarri ditu lehiakideak.
.
Vinci. Francois Pinaultek 1.000 milioiko partaidetza hartu du Vincin (+%6,39), eskaintza publiko baten zurrumurrua hedatuz. Autopistetanlehiakide duen Eiffageren (+%0,28) herenaren jabe da Sacyr-Vallehermoso (+%11,77) eta kurrinka ospatu du.
Cie Aumotive. Cie Automotivek (+%2,76) 85 milioi xahutu ditu Mexikoko Nugar eta Brasilgo Nakayone autogintzako osagaien egileak bereganatzeko. GSB Acero Sidenorren jabe den Gerdau (-%0,76) talde brasildarrari saldu ondoren, ildo berria sendotzen jarraitzen du Egaña ohiak.