Falling knives esaten diote amerikarrek indizeak goitik behera datozeneko egoerari. Horri eskua jartzea ez da oso gomendagarria. Aizto euria bezala da: heldu nahi dionak eskua ebaki diezaioten baino ez du lortuko. %1,5 gehigarri bat galdu zuen atzo Ibex-35ek eta zer pentsatua eman behar digu akzio azokan aldakortasunaren erakustaldi horrek. Igoerak modu apal eta erregularragoan eman dira baina danbatekoak, bat-batekoak bezain latzak izan dira. Inbertsiogile handien eta finantza tresna eratorrien bidezko estrategiek eragin dute aldakortasun hau guztia. Aizto euri ekaitzezko galerna bezain bortitz eta azkar geureganatu da. Atzo ere 5.587 milioiren salerosketa izan zen ohiko merkatuan, ohiko kopuruak halako bi edo hiru. Olabarri kaleko eraikinean, metro karratuko salerosketa uholdea itzela da. AEBetako burtsak hobexeago hasi zuten eguna baina, orokorrean, aste aizto-euritsuaren itxura gaiztoa dakar honek ere
.
Iberia. Iberiak (-%4,98), Gamesak (-%3,25) edo Mapfre (-%4,44) aseguru etxeak atzo jasotako egurra arrazoitzen arrunt zaila da. Baina Fenosa (+%1,16) eta Metrovacesa (+%0,41) izan ziren atzoko saioan Ibex-35 indizean zenbaki beltzei eutsi zieten bakarrak.
NH Hoteles. NH Hotelesen (-%0,17) kapitalaren %4,5 saldu du Inditexen (-%1,8) alma mater den Amancio Ortega galiziarrak, 103 milioiren truke. Hotel taldearen kotizazioak ez zuen, ordea, txarrerako igarri. Baliteke datozen egunetan hori gertatzea. Kontuz bada.