BURTSA. Aranjuezen iratzarrita

Joseba Barandiaran Andueza.
2007ko ekainaren 7a
00:00
Entzun
Arantzazu berdean lo hartu eta Aranjuez lehorrean iratzarrita bezala sentitu zen atzo Ibex-35(-%2,52). Europako galeren buru izatea bat da, giro petrala, mesfidantza eta begirada iheskorrak beste bat. 6.102 milioiren akzioak salerosi ziren. EBZk gidoia jarraitu baino ez zuen egin, higiezinetan eta erosketa zorpetuan oinarritua den ZPren gobernuari, kasu, egiazko eztena sartuz: Sacyrrek %5 pasa galdu zuen, Iberdrola, FCC eta ACSk %4na pasa, Ferrovialek %3,86 eta, esanguratsuagoa dena, 992 milioiren bolumenarekin Edurnezurik %2,25 galdu zuen eta Santanderrek %1,68. %2,13 galdu zuen BBVAk. Atzerritarren artean gero eta zalantza gehiago dago Espainiako burtsaz; Aranjuezen eraikitako bigarren etxebizitzak kostaldeko turismorako nekez izan daitezkeela nolabait adierazteko. %3 pasa galdu zuten, gehiago ere izan zen, Inmocaral, Sogecable, Inditex, Iberia edota NH Hoteles kasu. Estutu berokiak, hotza dator eta.

Realia. Realiak (+%0,92) egun eguzkitsua aukeratu zuen aterki denda zabaltzeko. Eskaintzaren prezioa majo jaitsita lortu zuen lehen eguna gorri ez amaitzea, 6,56 euroan amaitu baitzuen. 6 cent baino askoz gehiago leudeke, teorian, txerritxo ehiztarien zain.



Vidrala. Vidralak (-%0,43) Belgikako La Manufacture du Verre beiragilea erosiko du 35 milioian. Italia, Portugal eta Espainian izandako hedapena osatzen du, horrenbestez, Laudioko taldeak. Berezko baliabideekin ordainduko du gainera, zorpetu beharrik gabe.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.