Mendi errusiarra, suitzarra edo, besterik gabe, artxandarra. Garai bateko jolas parkean adinako gorabeherak bizi ditugu burtsan azken egunetan. Atzo goranzkoa tokatu zen eta, bistan da, Arbolantxa aldean gaudela, hau da, goi samar. Enpresen mozkinei bezperan baino arreta gehiago jarri zieten, itxura denez, indizeek. Emaitzak plazaratzear behar duen Santander (+%2,39) izan zen eguneko izarra eta Mexikon aktiboak erosten diharduen Gas Natural (+%1,43) ere txalotu zuten inbertsiogileek. Enagas eta BME ere %3na pasa igo ziren; lehenak SEPI akziodunen artean sendotzera doala badaki eta bigarrenak ezkongai betierekoa dirudi, printze urdina noiz agertuko. Ispilukeriak ere asko gerta daitezke burtsan eta terrorearen etxea dirudi Vuelingek (+%2,4), esaterako. Ausartenentzat egokiagoa den bioteknologia sektorean ere, Zeltia (+%2,48) 7,85 euroan dago, sendo. Jolasa edo jokoa errenta ote diren... besterik da.
Cintra (+%2,79)azpiegitura enpresak 51 milioi galdu ditu aurtengo lehen 9 hilabeteetan, iaz epe berean 12 milioi irabazi zituen arren. Analistek espero zituzten emaitzak, gutxi asko, %20ago salduz. 8.621 milioiko zorra du Ferrovialen (+%1,24) filial horrek.
Renta 4 inbertsio eta aholkularitza etxeak azaroak 14an emango du burtsaratzeko pausua, CNMVren baimena lortu eta gero. Dena den, kapitalaren %25-%30 baino ez du eskainiko finantza merkatuetan, uste baino gutxiago. Gainera 60ko PER batekin atera nahi du: garesti oso
BURTSA. Artxandako parke zaharra
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu