BURTSA. Aulki bat elurretan

Joseba Barandiaran Andueza.
2007ko irailaren 11
00:00
Entzun
Ikusmira bitxia dugu, udan elurra eta elurretan aulki bat ikustea bezala. Baina akzio azoketan urduritasuna nabari da eta New Yorken ere, aldakortasuna itzela da. Ezkorrenak salmenta eroetara jo duten bitartean, bistakoa da Telefonicak (+%0,51), kasu, bestelako ukitua duela. Finantza krisiaren eragina, NDFko buru Ratok dion bezain mugatua izango ote da ? Bankinterrek (-%4,68) bigarren danbatekoa jaso du jarraian eta Accionak ere %5,43 galdu zuen atzo eta Ferrovialek %3,55. Santanderrek (-%1,4) eta BBVAk (-%2,14) ere kotizazioak mara mara jausten begiratu beste erremediorik ez dute, banku zentralek epe laburreko likidezia laguntza mantentzen duten bitartean. AEBetan eraikuntzak pott egingo ei du eta itsaso zabal zena laku izoztu itxura hartzen ari da. Europako Kalifornia izan behar ei zuen Espainia Suedia edo Islandiaren antza hartzen ariko balitz bezala. Giro nahasia profitatu nahi dutenek eskopeta prest izango dute.

Epemuga. Paper komertziala eta antzeko epe laburreko zorren 140 mila milioi euroren epemuga da datorren astean, Deutsche Bankek jakitera eman duenez. Enpresa nahiz bankuek zor hori berritzea behar dute euren inbertsioen finantzaketarako. Non ote dira inbertsiogileak ?



Nagusia. Bear Stearns inbertsio bankuaren %7 bereganatu du Joseph Lewis aberats britainiarrak, 627 milioiren truke. Aurten 170 dolarrean ibilitako akzioa 105ean dabil egun. Egoera hori profitatu du txerritxo ehiztariak, bankuaren akziodun nagusi bihurtzeko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.