Aldatz behera leunean, alegia. Horrelaxe izan zen atzo gure indizeen korrikaldia. Jendetsuegia ez, salerositakoak bi mila milioiren langa gainditu zuenerako arratsaldea aurreratua baitzen; beraz, lasaiaeta galera txikiekin. EBZk epe luzeagoko enkanteak egingo dituela esateak zenbait banku lasaituko zituen, baina egoera kaskarraren adierazgarri ere bada. Etxebizitzen merkatuaren geldotzearekin batera, arroza edo erregaia oso garesti daude munduan; kontsumitzaileen konfiantzari KPIk asko, baina lan merkatuak gehiago eragiten dio. Beraz, mugimendu txikiak, orokorrean. Energia sektoreak izan zituen galera orokorrenak. Sarkozy eta Brownek indar nuklearra ahotan izatea bera ez da ahazteko modukoa, berriztagarrietan dabiltzanentzat batik bat. Dibidendua hobetuko duela esateak mesede galanta egin dio Bolsas y Mercadosi, BME (+%2), txin-txin zehatza inoiz baino garrantzitsuagoa baita ezegonkortasun egoera hauetan.
Interesak. Bat-egiteak eta Erosteko Eskaintza Publikoak (EEP) ia erabat desagertu zaizkigu merkatu egoera nahasi honetan. Normala da, eragiketak finantziatzeko dirua lortzea zaila baita. Dena den, Alemaniako prentsak Santander (-%0,3) bankuak Dresdner bereganatzeko interesa izan dezakeela zabaldu zuen atzo. Bestalde, Abengoaren (+%1) ingurugiro filiala den Befesa (+%9) eta Española de Zinc (+%8) enpresek elkarrizketak izan dituztela onartu dute, nahiz eta ez omen duten, oraingoz, inongo akordiorik erdietsi. Heathrowko kaosak ez zuen Iberia (+%2) kaltetu.
BURTSA. Azkoititik Azpeitira
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu