Imazek politikakoak aipatu ditu, baina ez dirudi burtsak goitik gaindiezineko marrarik topatzen duenik. Banku eta energia enpresek eman zieten atzo bultzada gure indizeei, analisten gomendio onak eta Endesaren (+%0,8) gaineko mus partidako azken eskuak tarteko. E.Onen (+%1,01) 27 euroko lehen eskaintza eta 34,5 euroko bigarrenaren ondoren, 40 eurotik gorako zerbait espero (nahi) du zenbait inbertsiogilek. Atzo 39 euroan itxi zuen Pizarroren enpresak. Alemaniako E.Onek bere marra gorria non duen, ordea, ikuskizun dago. Gas Naturalena (-%0,32) gainditua dela dirudi. Santander (+%1,19) eta Bankinterrez (+%1,06) gain, Iberia (+%3,33), Inditex (+%2,68) eta Iberdrola (+%1,66) nabarmendu ziren. Deutsche Telecomek (-%4,02) mozkin helburuak ez dituela erdietsiko esan zuen, Bolivian ere arazoak dituen Telecom Italia (-%1,52) eta France Telecom (-%0,89) kutsatuz. Telefonicak, (+%0,24) eutsi egin zion
.
Santander. Santanderrek (+%1,19) Portugaleko BPI bankuan zuen %5,87ko partaidetza saldu dio bertako BCP bankuari, 254 milioi euroan. 88 euroko gainbalioa eskuratu du. ABN Amro (-%0,57) begiz jo ote duen zurrumurrua dabil.
Enpresa. Realia aseguru etxearen %49 burtsaratzeko asmoa dute bere akziodun nagusi diren Caja Madrid kutxak eta FCC (+%0,89) eraikuntza eta zerbitzu enpresak. Maiatza aldera burtsaratuko lukete; aseguru etxeak 3 mila milioi inguru balio ei du.