BURTSA. Bernankeri greba

Joseba Barandiaran Andueza.
2008ko otsailaren 15a
00:00
Entzun
Greba egin zuten atzo Euskal Herrian milaka langilek. Greba horri greba egin zioten beste batzuek, egon egon dela esan bai baina jaramon gutxi eginez. Eta Bernankeri greba egin zioten inbertsiogileek, harek esanak entzun bai, baina kasu gutxi egin baitzien. Ahalik eta gutxien behintzat: ez zuten galerarik izan eta apurrekin bada ere, irabaziekin itxi zuten saioa. Ibex 35ari (+%0,35) energia konpainiek eman zieten indarra, eta batik bat Repsolen (+%3,59) erregaiak eman zion AEBetako erreserba federarali greba egiteko sustengua. Enegasek (%1,74) ere egin zuen pikete lana hasieran, lanuzteari indar apur bat eskainiz. Halere, greba egun baterakoa izaki, AEBetako ekonomiaren hazkundeak are arrisku gehiago duela onartu du Bernanke, eta gehiagotan esanez gero, zail izango da bere hitzei greba egitea. 4.692,5 milio dolarreko salerosketarekin, euroguneko iazko hazkundearen datuek ere zuhurtzia eraman zuten. Energy East erosteko Iberdrolak (%0,10) duen asmoari babesa eman diote AEBetako hainbat taldek. New Yorkeko ingurumenaren aldeko taldeek Iberdrolak enpresa hori eskuratzearen alde egin dute, baina nekazaritza garapenerako beste talde bat kontra agertu da. New Yorkeko Rafael E. Epstein epaileak eman edo kendu behar dio Iberdrolari Energy East erosteko baimena, erabakia hartu aurretik enpresako kide eta bere esparruan aritzen diren hainbat elkarteren iritzia eta onespena jasotzen ari da. Erabakia otsailaren 25ean hartzekoa da, baina baliteke erabakia apur bat atzeratzea.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.