Ebroko ura berotzeak Garoñako zentrala geldiaraztea ekarri duen arren, atzoko bero sapak ez zuen burtsa gelditzerik lortu. Eta kanpoan zein barruan, bero zegoen. Frantziako bankuek 2.500 milioi inguruko aktiboak omen dituzte Libanon eta, bero baino gehiago, gozoak egongo dira. Gureanpetrolioaren prezioa epeltzen ikusi genuen Condoleeza Riceren bidaiarekin eta Prisaren (+%4,21) mozkin berri onek Antena 3 (+%5,53) ere kutsatu zuten. Ibex-35eko hondakinarena, atzo, Fadesak (-%1) egin zuen, zenbaki gorriekin ibili zen akzio bakarra izan baitzen. 2.298 milioiren akzioak mugitu ziren, horietan 400 eta 133 Edurnezuri (+%1,09) eta Moviles ipotxarenak, hain justu. Edurnezuriren bizipoz gertatu zen Vodafonek bere helburuak baieztatu izana, telekoak ez baitabiltza indar handiegiz azken aldian. Bi banku handienak ere %2na pasa igo ziren eta, ezin harritu, Pastor bankuak (+%0,21) bere mozkina %31 hobetu ondoren.
Telefonica Moviles. Gaur da Moviles (+%0,88) ipotxaren azken eguna Ibex-35eko kide lez. Hortaz 33 akziok osatuko dute indizea etzi bitarte; orduan Mapfre (+%2,05) gehituko zaio tropelari eta Batzorde Teknikoak Arcelorren (-%1,4) inguruko erabakiren bat ere hartuko du.
Endesa. Endesa (+%2,24) Espainiako argindar enpresak 16 milioitan erosi dio Arabako Gamesari (+%2,78) 14 megawatteko Italia hegoaldeko parke eoliko bat. 2005 eta 2007 bitartean 200 megawatt Endesari saltzeko duen akordioaren barnean kokatzen da salmenta.
BURTSA. BURTSA
Garoña baino gehiago
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu