BURTSA. BURTSA

Zapateroren zapatetan

Joseba Barandiaran Andueza.
2006ko ekainaren 30a
00:00
Entzun
Zapateroren zapatetan egotea ez zen atzo erraza. Bere paperean egotea, alegia. Baina horri, ZPk paperik ez zuela gehituz gero (eskutan), are korapilotsuagoa da kontua. Atzo Erreserba Federalak interes tasak zenbat eta hurrengoak noiz igoko dituen zegoen eztabaidagai. EBZ ere elkarrizketa bertsuetan dabil. Finantziazioa garestitzea doa munduan, lehenaz gain. Eta hala ere, Metrovacesa (-%1,32) eta Sogecable (-%0,55) salbu, beste akzio guztiek egin zuten gora Ibex-35en (+%1,77). Kontu baina. Atzo ez genituen Zapateroren zapatak ikusi, baina ziur zapatok lokarriak ere badituztela. Burtsaren bilakaeran ere, etorkizuneko mozkinak dira lokarri nabarmenenak. Atzo ez zitzaizkien igarri Gas Naturali (+%4,09), Popularri (+%3,35) nahiz %2na pasa igo ziren Abertis, Repsol-YPF edo Santanderri. Baina egon badaude. Soka luzea dakarten edo ez, denborak esango du. Inbertsiogileak, atzo, baiezkoan ziren, nola Europan hala AEBetan

.

Santander. Errusiako ekonomia erregaiaren prezioaren epelean berotu da. Dituen erreserbak eta tamaina kontuan izanda, merkatu erakargarria da. 30-40 milioiko inbertsioa egin, banku bat erosi eta San Petersburgon eta Moskun lanean hasi nahi du Santander bankuak..

Petrolioa. Brent upelarekin txantxa gutxi. 73 dolarreko preziora hurbildu zen atzo, laugarren egunez jarraian garestitu ostean, AEBetako gasolina eskaintzaren datua txarra izan zelako. Burtsek ezaxola begiratu zioten, baina urre beltza geroz eta urreago da.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.