Jose Mari Olabarri kaleko lanek zarata eta hautsak eragiten dituzte. Egun amaieran baino ez dira baretzen, Naja geltokiko lanekin batera. Atzo burtsan indizeak azken aldera apaldu ziren, egunean beltzetik jo ostean. Goizean 13.730 ingurua zen Ibex-35 baino ia 100 puntu beherago amaitu zuen eguna. Edurnezuri (+%1,57) izan zen, trenaren garai goxoenak gogoan, lokomotora zarata atera zuena. %28 gehiago irabaztea ez zuen nahikoa izan Santanderrek (-%0,52) kotizazioaren hautsak harrotzeko baina, BBVAk (-%0,79) ere, lanak ditu erritmo horri eusten. Sogecablez (-%2,91) gain, Acciona, Acerinox, Cintra edota Metrovacesa %1na pasa jaitsi ziren. Merkatuan aukeraketak egiteko ordua iritsi da eta nor zer irabazten ari den eta mozkinek zernolako bilakaera izango duten geroz eta garrantzitsuagoa da. Maximoetan egonik, lanak eginda ibiltzea hobe. Salerosketa, polito: 3.699 milioiren akzioak mugitu ziren ohiko merkatuan
.
Cintra. Cintraren (-%1,6) mozkina %67 txikitu da, azken hiruhilekoan 11,9 milioi irabazteraino: %36 handitu dira autopista kudeatzaileak zorragatik ordaindu beharreko interesak. Bistan denez, interes tasen igoerak hipotekadunez gain enpresak ere kaltetzen ditu.
Cattolica. Italiako Cattolica aseguru etxeak bere akzioen %45 salduko lioke MapfreEspainiako aseguru etxeari (-%1,15), ondoren Banca Popolare de Veronarekin bategiteko. Espainiako aseguru etxeak ukatu egin du ezer zehatzik dagoenik, baina zurrumurrua bolo bolo dabil.