Aranbarrik dion legez historia datu zabortegia bada edo, besterik gabe, datuz josia den zabortegia, zer esan burtsaz edota haren historiaz. Atzo gertatua historia da, hau da, zaborra; gaurko ezer gutxi balio duen informazioa. Dolarrak 1,6 eurorainoko jauzia egin zuen egunean, Ibex-35 indizeak %0,99 galdu zuen eta agerian laga, finantza sektorean zabor mailegu asko egon daitekela oraindik, datuak datu. Salmentek ez zituzten ordea bankuak soilik kolpatu: Bankinterrek %2,12 galdu zuen, Banestok %1,17, BBVAk 0,91 eta Santanderrek %0,88; baina Iberiak (-%4,85), Sacyrrek (-%2,83) edota Inditexek (-%2,72) ez zuten aurpegi hobea erakutsi. Edurnezuri (-%0,75) ere, kili kolo. 2.819 milioiren salerosketak agerian lagatzen du gurean diru gutxiago mugitzen dela iaz baino. Datu zabarrotan, zabor kutsua ez duena ikusten kosta egiten da: AEBetako bigarren eskuko etxebizitza salmentak %2 jaitsi dira eta baita zenbait enpresen mozkinak ere .
Alierta. Alierta presidenteari jaramon egitera, Edurnezuriren (-%0,75) egiazko (?) balioa, egungo akzioko 18,64 eurotik oso gora dago. Urte gutxian 30 eurora iritsiko ez balitz, milaka euro galduko lituzke Aliertak, erosi berri dituen azken finantza aukeren harira. Diru sarrera oparoak ditu telekoak eta akzioko euro bat irabazi nahi lituzke 2010erako. KPI, batik bat Espainian altu dabilen honetan, ordea, konkurrentzia handitzeko ahaleginak ere espero daitezke Gobernuaren aldetik eta horrek min egingo lioke Telefonicari, merkatu kuota itzela baitu oraindik ere.
BURTSA. Datu zabortegia
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu