BURTSA. Defentsiban

Joseba Barandiaran Andueza.
2008ko maiatzaren 21a
00:00
Entzun
Ibarretxek ZP defentsiban topatuko zuen, baina ziur bolumen baxuan jardun zutela biek ala biek. Atzo arte, indizeen igoerak bolumen txikiz ematen ari ziren, baina, atzokoan, 2.939 milioiren akzioak salerosi eta eguneroko hauteskunde emaitza argia izan zen: %1,79ko galera Ibex-35 indizean eta agur 14.000 puntuen langari. Europa osoa da petrolio garestiaren lekuko eta baikortasun kanpainak alferrik dira horrelako bide orriarekin: txerritxo ehiztariak hautesle direnean, zorroztasuna da nagusi eta epe erdian bederen, bakoitza bere lekuan jarri ohi dute. Mapfre (+%0,29) eta Ferrovial (=) ez beste guztiak, galeretan murgildu ziren. Criteria (-%4,95) edo Iberia (-%3,85) baino gehiago, Santander (-%1,41), BBVA (-%1,77) eta Edurnezurik (-%1,78) adierazten dute inkesten nondik norakoa. Gas Natural edota Fenosak ere %3na pasa galtzen duten egunotan, ofentsiban baino, negu luze baterako prestatzea izaten da hobea.

FCC. Nicolas Redondo Terreros (sic) administrazio kontseilu kide izendatzera doa FCC (-%2,26) hurrengo akziodun batzarrean. ZPren hauteskunde kiniela betez gero, ez da apustu estrategiko txarra izango, Marcelino Oreja zuzendaritza kide duen taldearentzat.



Valentziako Kutxa. Valentziako Caja de Ahorros del Mediterraneok uda ostean 500 milioiren partaidetza kuotak merkaturatzeko asmoa agertu du. Aurrezki kutxen kapitala osatzeko tresna hauek (boz gabeko akzioen antzekoak) ez ditu inongo euskal edo espainiar kutxak sekula jaulki.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.