Inbertsio funtsak direnaren jostun, diruaren jostun, jardun ohi dira. Aldiz, KPI da diruaren balioa higatzen jarduten duenetako bat. Hala, milaka lagun Araban Garenaren Jostun jardun aurretik,AEBetako KPIri adi zeuden diruaren jostunak. Maiatzean %0,7 hazi zen, ez da gehiegi eta interesak gehiago igoko ote diren beldurra uxatu zuen horrek. Euroa indartzeaz gain, errenta finkoan erosketak bultzatu zituen eta akzio azoketan lasaitasuna hedatu. Gurera ere iritsi zen jostorratz horren haria eta, pausoz pauso, Ibex-35eko tropelean 30 izan ziren irabazietan kulunkatu ziren akzioak. Bost baino ez galera txikietan murgildu zirenak. Repsol-YPF (+%4,01) nabarmendu zen, petrolioak urteko maximoa harrapatu baitu, 71,45 dolar, AEBetako findegiek ahalmen arazoak izango ote dituzten zabaldu baita. 7.123 milioiren salerosketan, Santander (+%0,36), Edurnezuri (+%1,21) eta BBVArenak (+%1,47) milana milioitik gora.Santander (+%0,36) da Zeltia (+%5,27) bioteknologia enpresaren %6ren jabe. 93 milioi inguru balio du partaidetza horrek eta 1999an %4,9 zuenez, Botin buru duen bankuak apustuari eusten diola erakusten du. Eta apustulari trebea da kantabriarra.
Codere apostu konpainia. Apustu eta jokoaren arloan jarduten duen Codere Espainiako enpresaren akziodunek, kapitalaren zati bat burtsaratzea onetsi zuten atzo. Hazkundea finantziatzeko alternatiba eraginkorra da burtsa eta aurten asko dira bide hori jorratu dutenak.
BURTSA. Direnaren jostun
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu