Nekez ematen da guztien gustuko emaitza, mozkin, estatu, burtsa, kirolari edo federaziorik. Banestok (-%2,18) iaz baino %13 gehiago irabazi du ekaina bitartean; baina, Paulino Luesma bailitzan, «ESAIT gustatzen» esan zion epaile zorrotzena den merkatuak. Orokorrean, atzerriko inbertsiogileei gero eta gutxiago gustatzen zaie Espainiako ekonomian adreiluak duen pisua. Atzo %2,07 jaitsi zen Sabadell; %1na pasa BBVA, Popular eta Bankinter eta %0,73 Santander. Acciona, Abertis, Indra eta Sacyr %1na pasa jaitsi ziren. FCC eta Ferrovial, %2,8 eta %2,22 hurrenez hurren. Akzio azoketan orokorra izan zen galeretarako joera eta dolarrak ahultasuna erakusten jarraitzen du euroaren parean. Dibisak pilatzen dituzten petrolio esportatzaile eta asiar erraldoiei ez zaie bilete berdea larregi gustatzen. Eta iritzi talde garrantzitsua dira horiek ere. Gamesa (+%3,32) izan zen Ibex-35ean (-%1,01) irabazien ordezkaritzaren buru.
Telefonica. Brasilgo Vivo telefono mugikor konpainian falta duen erdia erosteko eskaintza egin dio Telefonicak (-%0,72), Portugal Telecom (PT, +%0,59) bazkideari. Hiru mila milioi ordainduko lizkioke, 1.200 milioi inguru Edurnezurik PTn bertan duen %10eko partaidetza salduz.
Morgan Stanley. Almirall (-%1,55) laborategien burtsaratzea bideratu ondoren, green shoe-a (akzioen zati bat erosteko aukera) baliatu du Morgan Stanley inbertsio bankuak, nahiz Saltzeko Eskaintza Publikoan (SEP) 14 euroan eskainitako akzioa 13,93an den egun.
BURTSA. «ESAIT» gustatzen
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu