BURTSA. 'Eutsi!' nahian

Joseba Barandiaran Andueza.
2007ko martxoaren 3a
00:00
Entzun
Euskarazko filmak bezain bakanak ziren atzo burtsan irribarreak. Aspaldiko asterik txarrenean, txirrista itxura hartu du indizearen marrak. Eutsi! nahi eta ezin ibili ziren inbertsiogileak, datorren astean estrainaldia duen euskal filmaren gisan. Inbertsiogileak, ikusle edo erosle baino, saltzaile jarraitu zuten: 5.796 milioiren akzioak aldatu ziren eskuz eta errua Japonian zorpetuta jardun diren hedge fund eta enparauei egotzi arren, bistan da iaz gertatu zena bezalako bolada beherakorra hartu dutela akzio azokek. Dibisen merkatuan ere aldakortasuna itzela da, baina burtsen eutsi! ezina ahobatez hedatu zen Asiatik Ameriketakora. %2 pasa galdu zuen Edurnezurik, %1,54 BBVAk, %1,3 Repsol-YPFk eta %0,72 Endesak. Gamesa eta NH Hoteles %3 pasa igo ziren. Arabakoaren gaineko gomendioa hobetu dute Deutsche Banken eta azken egunotako galera handien zati bat berreskuratu du. 24 eurotik, 22,12ra etorri da.

E.On. E.Oni (-%1,33) behin betiko zangotraba jarri dioten itxura guztia du merkatuan zuzenean akzioak erosteko CNMVk ezarri ei dion debekuak. Horrenbestez, bere EEP Erosteko Eskaintza Publikoan hartutako konnpromisoa bete beharko du Alemaniako enpresak. Bien bitartean, Enel (+%1,86) Italiakoak Endesaren %24,9 eskuratzeko ahalegina egiten jarraituko du, argindar sektorean funtsezkoa den faktorea lagun: gobernuaren babesa. Dena den, E.Onek eskainitako prezioaren (38,75 euro) azpitik da oraindik Endesa (38,5), nahiz Enel 39 euro ordaintzen ibili den.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.