Coleman ez ei dator Realera oporretara (beharrik!), Trichet ere ez doa oporretara, nahiz atzo EBZren interes tasak bere hartan laga. Gorabehera handi samarrak egin zituen atzo Ibex-35 indizeak, 140 puntuko tartean baina, azkenean, AEBetako langabezia sari eskariak igo izanak egindako kaltea nagusitu zen. Berri makroekonomikoek ez dute oporrik eta akzio azokak gorrira jo zuen atzo. Nudismoa egiteko moduko eguraldiagatik ez zen, noski. 3.298 milioiren akzioak salerosi ziren ohiko merkatuan eta %1na irabaziz Sogecable eta Sacyr nabarmendu baziren, galeretan Iberdrola (-%2,34) eta %1,5na pasa galdu zuten Mapfre, Indra, Ferrovial eta Gas Natural izan ziren nagusi. Analistei erreparatzen badiegu, edonor oporretara lasai joateko moduan legoke; baikortasuna da nagusi. Aldiz, indizeek ez dute gorantz jotzen eta berunezko hankak hegan egitea eragozten dietela dirudi. Beruna den edo finantza kostuen zama den, horratx gakoa
.
BBK-k Enagasen (-%1,15) %5eko partaidetza erdietsi du. Egun 216 milioi balio du, eta administrazio kontseilukide bat izendatzea ekarriko du. Espainiako Bancaja, Asturias eta CAM kutxek ere beste horrenbesteko partaidetza dute gas enpresan.
Banco Popular (+%0,43) administrazio kontseiluak kapitalaren %40aren gaineko kontrol zuzena du. Espainiako bankuetan Bankinterrek (-%0,97) izan ohi zuen lehen postua kendu diolarik. Eragiketa korporatibo erasokorrak zailtzen ditu horrek, adiskidantzazkoak errazteaz bat.