Txerritxo ehiztariak tiroka hasten direnean, kapitalizazio galera edota irabaziak izaten dira; gizakien bizitza errespetatuz baina. Atzo %0,87 galdu zuen Ibex-35 indizeak, eta astean ia %4 galdu du. Bilbao-2000 jaiotzan zuen mailara begira dagoela dirudi. Erreserba Federalak likidezia laguntzeko iragarri neurri berriek, Trichetek bezperan esandakoen oihartzunek eta, oro har, ezkortasunaren tiro hotsek ez zuten ondorio onik ekarri, 4 mila milioitik gorako salerosketarekin. BBVAk (-%1,15) duela urtebete 20 euroan zuen akzioa, eta, egun, 13 euroz azpitik da. Santanderrek ere (-%1,14) 11 euroei eusten die, 15eko maila erabat ahaztuta. Belgikako Fortis bankuaren mozkina %8 gutxitu du subprime malapartatuak, eta langabeziak gora egin du AEBetan. Hau konpondu beharra ikusten du hainbatek eta, tiroak baino, mozkinak botika hobea dira. Petrolioak zeruan jarraitzen du, eta Euriborra tenkatu egin da, Tricheten hitzen ostean
.
Gamesa. IBV korporazioaren esku zen Gamesaren (+%1,59) %9,2ko partaidetza eurenganatu dute Iberdrola (-%0,6) eta BBVAk, IBVn bi bazkideek. 321na milioi eman dizkiote erdibana duten IBV filialari. Gardokikoak Gamesaren %23,9 bere esku du jada.
Indizearen mozkina.Ibex-35eko enpresen mozkina 2008an %3 inguru jaistea espero dute Bloomberg agentziak galdekatu analistek, azken bost urteotan lehen aldiz. Lehengaien garestitzea eta hipoteken krisia direla eta, 2007an irabazitako 48.821 milioiak ez ei dira errepikatuko..