Erabateko bueltarik ez dio eman, baina hauspoa lasaitzea lortu du Hillary Clintonek Texas eta Ohioko garaipenekin. Burtsek ere, atzoko eguna baliatu zuten hauspoa baretzeko, aurreko egunetako galerako joera hautsiz. Bide horretan, Wall Street lagun izan zuten gure indizeek, baina salerosketa bolumena ez zen biziki handia izan, 3.290 milioi Ibex-35eko (+%2.52) kideen akzioetan. %7tik gora irabazi zuen Mapfre aseguru etxearen akzioak, %5na pasa Sacyr, Bankinter eta Abertisenek. %2na irabazi zuten bi banku handiek eta %1,58 Edurnezurik. Petrolioa eta euroa indartsu dabiltza, ordea, eta Obamaren mamuarena egiten duten arazoak (inflazioa, langabezia, lehiakortasun eta produktibitate arazoak...) hortxe dituzte AEBetako, Espainiako nahiz Euskal Herriko ekonomiek. Gaur EBZk ez du fitsik aldatuko eta, Trichetek edozer dioela ere, lehen hiruhilekoan miraririk ez da izango enpresen mozkinen alderdian.
Credit Agricol. 2001ean burtsaratu zenetik lehenengoz, galerak izan ditu hiruhileko batean Credit Agricolek (+%5,75). 2007ko azken hiruhilekoan 857 milioi galtzea, subprimeren inguruko 3.300 milioiko zuzkidurarekin dago lotua. CAren akzioak %20 pasa galdu du jada aurten, nahiz, iaz, 4.044 milioi irabazi, eta dibidendua %4 handituko duela erabaki. Espainiako Bankinterren %20 kontrolpean ere badu CAk, baina ez ei du Erosteko Eskaintza Publikorik (EEP) egiteko asmorik. Erosketa handiak egitea baztertu egin du, oraingoz, Gerard Pauget buru duen bankuak.
BURTSA. Hillaryren arnasa
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu