BURTSA. Indultua adreiluari?

Joseba Barandiaran Andueza.
2007ko apirilaren 26a
00:00
Entzun
Argentinan Videlaren indultua inkonstituzionaltzat jo duten ber gisan, ikuskizun dago adreiluaren sektoreari atzo burtsak emandako indultua behin betikoa den. Egun gorabeheratsuaren ondoren, Inmocaralek (+%2,31), Accionak (+%1,92) eta Ferrovialek (+%1,72) goranzko bideari heldu zioten. Sacyr (-%0,76) itzaletan gelditu zen eta, ondorioz, Eiffageren (-%0,92) Erosteko Eskaintza Publikoak (EEP) balioa galtzen segitzen du. Aurtengo lehen hiruhilekoan BBVAren (-%0,11) ohiko mozkina %23 haztea baino, gehiago txalotu zuen burtsak Santanderren (+%1,12) azken mugimendua, hirunakako EEP bat, ABN Amro (+%3,46) helburu duena. 5.148 milioren akzioak salerosi zireneta euroak indartzen jarraitzen du, sendo. Horrek Eurogunetik datozen mozkinak hobestea dakar eta Europa ekialdera gida litzake hainbat mira. Astroc (+%0,75) onik atera zen atzoko atakatik baina, indultuak, egunez egun berritzen dira burtsan

.

Vidrala. Arabako Vidrala (-%1,18) beiragileak iaz epe berean baino %22,5 gehiago irabazi du aurtengo lehen hiruhilekoan, 7 milioi euro. Epe horretan salmentak %12 hazi dira, prezio eta ekoizpen handiagoak lagun. Iazko abuztu amaieran 17,52 euroan salerosten zen Laudioko enpresaren akzioa; atzoko jaitsierarekin ere, kotizazioa 25,21 euroan paratu zen. Beraz, %44ko igoera izan du 8 hilabeteko epean. Enpresak 546 milioiko balioa du burtsan, urtebeteko mozkinak halako 17 inguru (PER). Oraindik ere, ez du garestiegia den itxurarik eta Eurogunean jarduten du gainera.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.