Salmenten suak harrapatuta geundela, su hori eten eta erosketak itzuli ziren burtsara, atzoko saioko azken orduetan. Infernura joan-etorrian gabiltza. AEBetako defizit komertzialaren datu onak, gainbehera zihoan dolarra, Wall Street bera eta, zeharka, gure indizeak ere txiribuelta egitea eragin zuen. Gure indizeek Europakoek baino azkarrago erantzun zieten datu berriei eta 14.800 puntuak tentatzen gelditu zen Ibex-35. 10 urterako AEBetako zorrak %5etik gorako interesa ordaintzen du jada baina, hala ere, akzio azokaren tentazioak inbertsiogile batzuk jo zituen. Indize nagusian tokia mantendu duen NH Hoteles (+%5,74), azken egunotan egur handia jasotako Inmocaral-Colonial (+%2) eta barneko saltsa loditzen ari zaion Iberdrola (+%1,9) nabarmendu behar. 5.309 milioiren salerosketarekin, bi erraldoiek (Santander eta Edurnezurik) %1era iritsi ez ziren irabaziak izan zituzten. Infernua ez dugu urruti, nolanahi den.
Socgen. Hizketagai nagusia izan zen Parisen eta, orohar, Euroguneko akzio azoka nagusietan. SocGen (+%0,54) BNP Paribas (+%1,51) bankua bereganatzeko aukera aztertzen ariko litzateke. Nazio mailako bategiteak hobetsi eta erraldoi nazionalak eratu. Europa, Europa...
BMV. Ibex-35 indizearen osaketa berrikusi du Batzorde Teknikoak. Uztailaren 2tik aurrera, BME (-%0,17) sartuko da 35eko tropelean eta, ezustean, Metrovacesaren (-%0,31) tokia hartuko du. NH Hoteles (+%5,74) ordezka zezan espero zuten analista gehienek.
BURTSA. Infernura joan etorrian
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu