BURTSA. Ordiziako kaleak Bilbon

Joseba Barandiaran Andueza.
2008ko martxoaren 27a
00:00
Entzun
Ardi bete kale Ordizian eta artalde gisa Bilbokoa nahiz gainontzeko burtsak. Horixe leporatu zaie txerritxo ehiztariei, alegia, artaldeak bezala, guztiek alde batera edo bestera jotzea. Egun batean gorantz lehertu, hurrengoan hondoa jotzeko. Garbi dagoena da analista zakurrenek Citigroup eta Deutsche Bankek bere burua, mozkin txikiagoekin ikusten dituztela 2008 amaieran. Hala jakinarazi dute, likidezia krisiak kredituarena ere eragin dezakeelakoan, finantza jarduera (eta beraz mozkina) murriztuz. Sektorearen kotizazioek igarri diote, noski, mozkinen gazta txikiagoa izango baita. Gainontzean gorabehera txikiak izan zituzten atzo blue chip-ek, handienek %0,9ko galerak, bai Edurnezuri, bai Iberdrolaren kasuan. 3.370 milioiren salerosketa izan zen eta euroak sendo jarraitzen du, Ifo konfiantza indizeak eta Trichet artzainaren hitzek lagundurik. Bolsas y Mercadosek %5,94 irabazi zuen eta %4na pasa Iberia eta Colonialek.

EDF. Auzitegiek arau ekonomikoen gainean ezagutza oso murritza izaten dute. Ondorioz, epai bitxi bezain harrigarriak ematen dituzte. Bilboko auzitegi batek EDF behartu nahi du, badaezpadako neurri gisa, Iberdrolaren (-%0,86) inguruko bere asmoen berri publikoki ematera, iragarki bidez. Balizko Erosteko Eskaintza Publiko (EEP) bati buruzko erabakia, ziurrenik, berau egin baino oso denbora gutxiago hartzen da behin betiko. Aurretik, aukera posibleak asko, eztabaidagarriak eta eztabaidatuak izango dira, bai EDFren barnean, bai beste ezein enpresetan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.