Azken minutuetan lortu zuten gure indizeek galeren ligari ihes egitea, AEBetako zerbitzu sektorearen datu ona lagun. Osasuna galtzear dabiltza, bai Espainiako futboleko lehen maila, bai edozein inbertsiogile arrunt. Salerosteka baxutik joan zen (1.741 milioi baino ez) eta horrek kotizazioen esangura kaltetzen du. Brent petrolio upela 119 dolarren bidean egon arren, 14.000 puntuen langari eutsi nahi dio Ibex-35ek (+%0,1), kosta ala kosta. Telecinco (+%3,62), Sacyr (+%2,67) eta FCC (-%1,11) izan ziren aldaketa absolutu handiena erakutsi zutenak. Baina oro har, enpresa nahiz makroekonomia berri gutxiko eguna joan zen. Iberia (-%0,78), Gamesa (-%0,58), Banesto (-%0,5) nahiz Santander (-%0,43) gorritxo jantzi ziren. EBZren aldetik asteon berri handirik ezin da espero, baina euro sendoa, interes tasa altu samarrak eta zorpetzeko zailtasunak espero daitezke ekaina nahiz iraila artean. Mozkinek gorriak ikusiko dituzte.
Bankinter. Bankinter (+%0,5) Linea Directa aseguru etxearen jabe da, Royal Bank of Scotlandekin erdibana. Erresuma Batuko bankua kapitala hedatu beharrean denez, Linea Directan duen partaidetza erosi eta jabetza osoa lortzeko asmoa agertu dio Espainiakoak.
Microsoft. Microsoftek Yahooren Erosteko Eskaintza Publiko (EEP) erasokorra egin zuen, orduko kotizazioa bikoizten zuen eskaintzarekin. Yahoo-ren zuzendaritzak uko egin dio ordea Gatesen eskaintzari eta %14ko jaitsiera pairatu zuen atzo burtsan.
BURTSA. Osasuna galtzear?
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu