Munduko akzio azoka guztietan nagusitu zen joera berbera nagusitu zen atzo Bilbokoa barnehartzen duen SIBEko burtsetan. Espainia ez da askok uste edo nahi bezain ezberdina. 6.711 milioiren salerosketa izan zen Ibex-35ean, bi erraldoiek, Santander (-%1,85) eta Edurnezurik (-%1,15), milana milioiren akzioak mugitu zituzten. BBVAren (-%1,8) akzioetan ere 942 milioiren salerosketa izan zen. Hiruon artean osatu zuten Ibex-35eko akzioetan salerositako bolumenaren %55, 3.695 milioi. %0,2ra iritsi ez ziren Banesto, Aguas de Barcelona eta Metrovacesaren igoerak salbu, gorri gorri eginda amaitu zuten zenbaki guztiek, eguzkiak kixkalita bezala. Bigarren jaitsiera egun bortitzean, Colonial (-%4,07) eta Gamesa (-%3,09) nabarmendu ziren arren, Ibex-35 14.725 puntuen lainoan etzan da. Paratxuta jarria du, noski, baina noiz zabalduko zaion gaude. Eta jaitsiera hau ez da higiezinen eta eraikuntza enpresen arazo soila
.
Realia (=) errealitatearekin topo egitear da. Lehen egunean igoeratxoa, bigarrenean berdinketa eta hirugarrenean... ikuskizun dago. Baina higiezinen sektorea latz kolpatzen ari den salmenta oldeak, burtsaratu aurretik harrapatu zuen Realia.
Sniace (+%4,13) eta Pescanova (+%2,12) bezalako txerritxo txikien kurrinkak izan ziren, salbuespen gisa izan bazen ere, atzoko saioan. Lehenak 4 milioiren akzioak mugitu zituen, baina arrantza eta kontserba enpresa apalago ibili zen: ez zen milioira ere iritsi.