Inbertsiogile handiek, benetako txerritxo ehiztariek, itxuraz arrisku handiagoak hartu, erabakiak azkarrago finkatu, informazio xeheagoa landu eta, orokorrean, irabazteko aukera handiagoak dituzte. Tamainak axola du. Espainiako gizonik aberatsenetakoak diren Juan Abello eta Amancio Ortegak, esaterako, burtsako enpresa nagusietan dituzten partaidetzak handitu dituzte azken asteotan. Telefonica (+%0,45), BBVA (-%0,18), Santander (+%0,22), Bankinter (-%0,88) zein Altadisen (+%0,02) dituzten partaidetzak mantendu baino, handitu badituzte, pentsatzekoa da giroa baretuko den ustea dutela. Eurek darabiltzaten bolumenetan, une jakin batzuetan merkatuaren joera ere markatu dezake euren jardunak. Atzo ez zen berri makroekonomiko garrantzitsurik izan, baina ihesaldi urduririk ez ematea bera,bada zerbait. Krisiaren ondorioak 2008an eta ondokoetan ikusiko diren ustea, ordea, geroz eta handiagoa da.
Euroa. Euroak indartzen jarraitzen du, 1,413eko marka ezarri zuen atzo eta Euriborrak, pittin bat behera egin duen arren, hileko batez bestekoan gorantz jarraitzen du. EBZk dibisen merkatuaz kezka agertu du, ez horrenbeste zorpetuak daudenen ekonomiaz.
Kutxen bategitea. Kutxen bategiteak indartu dezake, bankuen gaineko Erosteko Eskaintza Publikoak (EEP) edo bategiteak beste, egungo krisi egoerak. Alemaniako Landesbank nagusiak nahiz euskal kutxak, tamainak axola duela pentsatzen egon daitezke.
BURTSA. Tamainak axola al du?
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu