Txinako intxaurrak hamalau gerturatu eta lau gertatu zitzaien atzo hainbat inbertsiogileri, egun bakarrean azken urteetan izandako galera handiena izan baitute (%5 eta %7 bitartekoa, Shanghai edo Shenzengo indizeen arabera). Bertako intxaurra egonean, gorabehera handirik gabe gelditu zen. 3.652 milioiren salerosketa ez zen gai izan Ibex-35eko zuhaitzetik intxaurrak taxuz astintzeko. Txinako bankan espekulazioa eragozteko neurriak hartzera ei doaz. Hemengo intxaurrei horrelako gaitzik ez die inork ikusi nahi. Hala ere, iaz aurreko urtean baino %24,4 gehiago «soilik» irabaztea ez zioten ehiztariek BBVAri (-%0,88) barkatu. Antena 3, Iberdrola eta NH Hotelesek ere %1na pasa galdu zuten. Txerritxo ehiztarien tiroak REE (+%2,08) eta %1,8na pasa irabazi zuten Inditex eta Acerinoxentzat izan ziren, nagusiki. Erreserba Federalak zer esango zain, Txina eta geu hain ezberdinak ote garen hausnartzeko garaia da.
ACS. ACSk (-%0,43) 66 milioiren akzioak mugitu zituen atzo ohiko merkatuan. Bada 300 milioi bideratu ditu enpresaren beraren akzioak erostera, %2 pasako autokartera alegia. Bataz beste 42 euroan erosi ei ditu akzio horiek guztiak eta atzo 41,73 euroan itxi zuen kotizazioa eraikuntza enpresak. ACSk Iberdrolaren (-%1,12) %10 bereganatu zuen. Ondoren honek Scottish erosi izanak, Gardoki kalekoen kotizazioa kaltetu du eta, horrek, 365 milioiko balio galera eragin dio ACSri. Iaz 38 eurora iritsi zen Iberdrola, 32,8an da egun. Florentino ez da gozoa egongo.
BURTSA. Txinako intxaurrak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu