Joan da iraila, eta burtsan zer gertatzen denari buruzko kontsulta, urrirako gelditu zaigu. Ea urriak zer argitzen duen. Hiruhilekoan, gorabeherak gaindituz galera txikiak izan dituzte gure indize nagusiek (%1,6 ingurukoak baino ez), baina sektorekako portaera nabarmen ezberdina izan da. Higiezinen eta bankuen sektoreak pairatu ditu finantza krisiaren lehen ondorioak; Edurnezuriren (+%0,36) sasoiarengatik izan ez balitz, oso bestelakoa zatekeen hiruhileko honetako emaitza. Ikuskizun dago aurrerago noraino hel daitezkeen maileguaren garestitzearen ondorioak. Atzoko eguna lau-lau itxi zuten gure indizeek, 3.775 milioiren salerosketarekin. Mapfre (+%4,62) nabarmendu zen goitik eta %1,6na galdu zuten Antena 3 eta Telecinco telebistak behetik. Petrolioa eta euroa egoskor bezain indartsu dabiltza. Garesti biak ere. Egoera honetan, hiru hitzeko mezua bururatzen zaio hainbati, lehor bezain zuhur: tentuz, tentuz, tentuz.BBVA. Manuel Jove enpresari galiziarrak BBVAren (-%0,24) %5 du bere esku. Aurten 20 eurotik gora ibili den akzioa, 16,44 euroan finkatu zen atzo. Maximoak urrun dira, %25 gorago. Bilboko bankuaren sorreraren 150.urteurrena ospatzen da aurten, batik bat Madrilen.
M&A. Bat-egite eta erosketen jarduerak, M&A delakoak, %42ko jaitsiera izan du hiruhileko honetan. 2,7 bilioi euroren eragiketak eman dira aurten, inoizko gehien, baina azken hiru hilabeteetan eragiketak gutxitu eta gelditu egin dira. Marea biziak legez, itzuliko da.
BURTSA. Urrirako kontsulta
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu