Buruan tiroa jota hil dute Lasarte-Oriako gizon bat; etxean aurkitu dute gorpua

Erredakzioa
Donostia
2012ko apirilaren 8a
00:00
Entzun
Gizonezko bat, 47 urtekoa, hilik aurkitu dute bere etxean, Lasarte-Orian (Gipuzkoa). Buruan tiro bat zuen, eta Ertzaintzak uste du hilketa bat izan dela, homizidioari buruzko datu gehiago eman ez baditu ere. Atzo goizean aurkitu zuten gizona hilik, goizeko bederatziak hamar gutxi aldera. Jose Antonio Telleria zuen izena. Zabaleta auzoan bizi zen hildakoa, Buenos Aires inguruan, Lasartetik Hernanira doan bidean. Hildako gizonezkoarekin morroi bat bizi zen, etxe berean, Pepene baserrian; hark aurkitu zuen 47 urteko gizona hilik, ohean, eta senideei eta larrialdi zerbitzuei abisu eman zien. Ertzainek inguruak itxi zituzten, eta eguna bertan eman zuten, ikerketarako frogak bilatzen. Baserriaren aldamenean auto bat aurkitu zuten, erreta. Ertzaintzak jakinarazi duenez, hildako gizonezkoaren senide batena da kiskalitako auto hori. Auzitegiko medikuak ikusita, hildakoaren gorpua ordubiak eta laurden aldera jaso zuten. Ertzaintzak hasieratik aipatu du hilketa bat izan dela, hipotesi horrekin ari dela lanean, baina ez du arrazoiei buruzko berririk eman, eta oraingoz ez du inor atxilotu. Ikerketa Kriminaleko Unitatea egin da inkestaren kargu. Hildakoa idi probetan aritzen zen, eta ezaguna zen horregatik. Auzoan bertan ibiltzen zen idi parearekin entrenatzen.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.