Hilabete eskas falta da Iruñeko sanferminetarako, eta prest du Udalak egitarau ofiziala. Iruñeak Baionarekin senidetza egin zuela 50. urteurrena dela-eta Baionaren omenez egun bat antolatu du aurten, uztailaren 9rako. Beste ekitaldi berrietako bat buruhandien eta erraldoien konpartsei eskainitako eguna izango da, haien 150. urteurrenean, (uztailaren 10a). 533 ekitaldi izango dira guztira uztailaren 6tik 14ra.
Gainerakoan, eta ohi bezala, "ekitaldi zabala" izango da Yolanda Barcina alkateak nabarmendu duenez, "era guztietako jendearentzako" antolatua. Aipatu dituen kontzertuen artean, Efecto Mariposa, Los del Rio, Septeto Santiaguero, Taxi, Rosendo, Los Suaves edota Bertin Osborne kantaria daude.
Nafarroa Oinez ikastolen aldeko festa antolatzaileek jarritako gunea Takonerako Vista Vellan izango da, ohi bezala, baina oraindik ez dute egitaraua aurkeztu. Euskal musikaren txokoan -Takonerako parkean-, besteak beste ekitaldi hauek izango dira: Aiko (uztailaren 7a), Deabru Beltzak (8), Sexty Sexers (9), Bizardunak (11), eta Ze esatek! (13). Leku berean izango dira trikiti, txistu, alboka eta gaita saioak eta bertsolariak.
Gora Iruñea herri ekimenaren egitaraua ez dute ezagutzera eman oraindik.
Aurten txupinazoa ikusteko pantaila erraldoi bat gehiago jarriko dute Carlos III.aren kalean. Bost pantaila izango dira guztira jaien hasiera ikusteko.
Aurrekontuari begira, iazkoa "izoztu" egin dute, eta, beraz, %2,2 gutxiago izango da. 2008an egin zuten beherakada nabarmena krisi garaiari egokitzeko: %20koa. Lau milioi euro inguruko aurrekontua du egitarauak. Barcinak arlo horri eman dio garrantzia, esanez "krisiaren ondorioak gutxitzeko neurriak beste leku batzuetan baino lehenago hartu" zituztela -alegia, duela bi urte-, eta orain egokitzen ari direla "neurri gogorragoak hartu gabe". Alkateak espero du, era berean, "egindako gastua Iruñeak berreskuratzea" bertara joango den jendetzari esker. Udalak eskatutako azterketaren arabera, 74 milioi euro geratzen dira Iruñean bederatzi egunetan.
Sanferminak
Buruhandi eta erraldoiak, eta Baiona omenduko dituzte aurten Iruñean
Ohiko egitarau ofiziala aurkeztu dute, "era guztietako jendearentzako" ekitaldiekin, Yolanda Barcina alkateak nabarmendu duenez. Gainerakoan, iazko aurrekontu bera izango dute jaiek, eta 533 ekitaldi izango dira uztailaren 6tik 14ra.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu