Oihartzun handia izan dute Imazek atzo, EAJren sorreraren 110. urteurreneko ekitaldian, egin zituen adierazpenek. Jeltzaleen apostua "burujabetza partekatuaren" aldekoa dela agertu zuen; hau da, independentzia barik Espainiako eta Frantziako estatuekin elkarbizitza hitzarmena bilatzen dutela. Imazek argudiatu zuen independentzia zaharkitutako helburua dela, XIX. mendeko estatu-nazio ideian oinarritzen delako, eta egungo Europari ez zaiolako behar bezala egokitzen.
Atzo bertan Joseba Egibar EAJko GBB Gipuzko Buru Batzarreko lehendakariak oso bestelako adierazpenak egin zituen Mutrikun (Gipuzkoa), jeltzaleek urtero San Inazio egunean herri hartan egiten duten ospakizunean. Egibarrek adierazi zuen burujabetza partekatzeko lehendabizi eduki egin behar dela, eta egun ez dela halakorik gertatzen. "Soil-soilik burujabetzatik abiatuta, askatasun horretatik, lortu ahal izango ditu herri honek beste batzuekin hitzarmenak", esan zuen. Egibarrek erantsi zuen Espainiako Estatuak erakutsi duela ez dagoela Euskal Herriaren burujabetza aitortzeko prest, hala egin zuela, esaterako,Ibarretxeren Plana atzera bota zuenean. Ondorioz, euskal herritarrei bi aukera baino ez zaiela geratzen uste du GBBko buruak: "Amore ematea, edo erabateko burujabetza bilatzea, independentzia barne dela", nabarmendu zuen. Egibarrek Xabier Arzalluz jeltzaleen lehendakari ohia eta Markel Olano EBBko kidea izan zituen Mutrikuko ekitaldian lagun.
Joseba Permach Batasuneko mahaikideak ere hizpide izan ditu jeltzaleen atzoko adierazpenak gaur goizean Radio Euskadin egin dioten elkarrizketan. Atzo Egibarrek adierazitako ildo beretik, Imazi ohartarazi dio Permachek burujabetza partekatzeko aurren-aurrena burujabetza eduki behar dela, eta Euskal Herrian oso urrun dagoela egoera hroretatik. "Herri honi burujabetza ukatzen zaio herri gisa definitzen duten arloetako bakoitzean", azpimarratu du Permachek. Une honetan, "inoiz baino gehiago" Batasuna independentziaren alde dagoela gaineratu du, baina, era berean, hori ez dela egungo debatea nabarmendu du. "Oraingo eztabaida ez da alderdi bakoitzaren proiektu politiko jakinari buruzkoa, baizik eta marko berri baterako trantsizioa nola egin", adierazi du.
"Alderdien artean elkarrizketak izaten jarraitzea da garrantzitsuena"
Jeltzaleek PSOEko buruzagiekin zein Batasunekoekin izandako bilerez ere mintzatu da Permach. Batasuneko mahaikidea haserre antza agertu da batzar horien berri zabaldu delako, eta EAJko buruzagiei bota die horren errua. Permachen arabera, EAJ protagonismo bila dabil horrelako albisteak zabalduz.
Nolanahi ere, alderdien artean bilerak izatea garrantzitsua dela azpimarratu du. "Uztaileko bilera horiek prozesu bat abiatzeko balio dute, elkarrizketei buruzko elkarrizketak dira, eta komunikabideetan ateratakoak baino gehiago dira, baina ez behar beste", esan du. Ildo horreatik, sozialistek Batasunarekin bilera formalak izateari uko egiten jarraitzen dutela agertu du, eta harreman informalak baino ez dituztela.
Politika
Burujabetza partekatzeko lehendabizi eduki egin behar dela ohartarazi dio Permachek Imazi
Euskal Herriak Espainiako eta Frantziako estatuekin burujabetza partekatzearen alde egin zuen atzo Josu Jon Imaz EAJko EBBko lehendakariak, independentzia bazterrean utzita. Imazen arabera, independentziaren helburua zaharkituta dago, XIX. mendeko estatu-nazioen ideian oinarritzen delako. Nolanahi ere, Joseba Permach Batasuneko mahaikideak ohartarazi dio Imazi burujabetza partekatzeko lehendabizi eduki egin behar dela, eta gaur egun, Euskal Herriari subiranotasuna ukatzen zaiola. Permachen antzeko mezua zabaldu zuen atzo Joseba Egibar EAJko GBBko buruak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu