sortu

Burujabetza sozialaren aldeko apustua egin du Sortuk

II. konferentzia politikoa egin dute ezker abertzaleko alderdiak, Iruñean. EH Bildu indartzea, prozesu subiranista eduki sozialez betezea eta presoen kaleratzea aipatu ditu Arkaitz Rodriguezek urte politikoko helburutzat. Nafarroan arduradun Miren Zabaletaren partez, Haritz Romeo.

Arkaitz Rodriguez (ezkerrean), gaur, Iruñean, Sorturen II. konferentzia politikoan. IñIGO URIZ, FOKU
2018ko irailaren 29a
17:54
Entzun

"Burujabetza prozesuak bultzada soziala behar du, atzeraezin bihur dadin". Hala esan du Arkaitz Rodriguez Sortuko idazkari nagusiak, Iruñean, alderdiaren II. konferentzia politikoko hitzaldianHERRItmoa BIZItu lelopean egin dute bilkura, 500 militantek.

ETArik gabeko lehen konferentzia izan dutela aipatu du Rodriguezek —aurtengo maiatzean desegin da ETA—, eta aitortu duen arren Espainiako Estatua ez dutela "mugiarazi gatazka politikoari irtenbide demokratiko bat emateko", uste du "sakoneko aldaketarako baldintzak" lortu direla azkeneko hamarkadetan: Euskal Elkargoa, Nafarroako aldaketa, erabakitzeko eskubidearen aldeko gehiengoa, unionismoaren ahulezia, ezker independentistaren indarra... Sorturen arabera, orain "askapen prozesua bururaino eramatea falta da: burujabetza eskuratzea; estatu bat eraikitzea, ezkerretik". 

Urte politiko berrirako hiru helburu finkatu ditu Sortuk konferentzia politikoan: "Ezkerreko subiranismoa eta haren etxe amankomuna den EH Bildu indartzea; burujabetza prozesua eduki sozialez betezea; eta presoak kaleratzea". Rodriguezek zehaztu du ezker abertzaleak ez duela erabakitzeko eskubiderik gabeko estatus politikorik onartuko. Espetxe arloan, iritzi dio "estatuen murrua pitzatzen" ari direla, baina PSOEren gobernuari exijitu dio lehenbailehen legea betetzeko.

Ziklo aldaketa

ETAren desegitearekin burututako "ziklo aldaketa, arrakastaz" egin dutela adierazi du, "eta hori erabakigarria gertatu da Euskal Herriaren eta estatuen arteko indar harremanaren aldaketarako". Zoriondu egin ditu bakegileak, Ipar Euskal Herriko gizartea eta, oro har, Euskal Herria. "Oroitzapen berezi bat" agertu du "bide luze bezain aberats honetan eroritako guztientzat eta haien senideentzat".

Nafarroan: Miren Zabaletaren partez, Haritz Romeo

Miren Zabaletak Nafarroako Sortuko arduradun kargua utzi du, arrazoi pertsonalengatik, baina alderdiaren Kontseilu Nazionaleko kide izaten jarraituko du. Haritz Romeok hartu du ardura postua. Proposamena Nafarroako militantziak bozketa bidez berretsi du, ia aho batez. Romeo orain arte herrialdeko Sortuko Antolaketa arduraduna izan da.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.