Arazo horiek ikusirik, Araba, Bizkai eta Gipuzkoako eri psikikoen eta senideen elkarteek, erien mendekotasun maila zehazteko pertsona espezializatuen beharraaldarrikatuko dute bihar, Buruko Osasunaren Nazioarteko Eguna dela eta. Kalera aterako dira gizarteak buruko gaitzak bertan daudela onartzeko eskatzera, eta gaixotasun horiek duten estigmaren aurka egitera. Bide batez, instituzioei hainbat eskari egingo dizkiete.
Prebentzioa eta etxebizitza
Prebentzioaren aldeko neurriak ere eskatuko dituzte Fedeafes federazioan dauden elkarteek, edozein gaixotasuni aurre egiteko biderik zuzenena baita. Buruko gaitzak izan ditzaketen haurrei eta nerabeei arreta egokia emateko sarea sendotzeko ere eskatu diete instituzioei. Gipuzkoako eta Arabako aldundiekin nolabaiteko aurrera pausoak eman direla onartu arren, neurriak 8-16 urte arteko haurretara mugatzen direla esan dute. Hezitzaile eta irakasle sare bat eskatzen dute adingabeen gaitzak ulertu eta egoera kudeatzeko.
Etxebizitza izateko eskubidea ere aldarrikatu nahi dute, gizarteratze egitasmo zabal baten barruan gaixoek baliabide egokiak izateko. Xedea, eria gizarteratzea da, familiarengandik eta lagunengandik ahal den gertuen. Egun instituzioek kudeatzen dituzten etxebizitza baliabideak ez direla nahikoak esan dute, eta ohiko etxebizitza zerbitzuaz gain, muturreko egoeratarako baliabideak sortu behar direla.
Elkarteek proposatutako neurriek hainbat alorren arteko koordinazioa eskatzen dute: osasun zerbitzuak, hezkuntza, gizarte zerbitzuak, etxebizitza, lana... Alor horiek kudeatzen dituzten instituzioei indarrak bateratzeko eskatu diete Araba, Bizkai eta Gipuzkoan eriei laguntza emateko ahaleginetan diharduten elkarteek. Elkarlan horrek gaixoaren egoera egonkortzen lagun dezake, eta, bide batez, haren gizarteratzea errazten.